Mercedeseko zuzendaritzak hitzarmenaren negoziazioa geldiarazi du

2022/04/05
ELAk salatu du Mercedeseko zuzendaritzak geldiarazi egin duela hitzarmena negoziatzeko prozesua, Gasteizko lantegiari eskari berri bat esleituko zaion ikusi arte. Esleipen hori egin ezean, negoziazioaren baldintzak aldatuko lirateke. Gauzak horrela, ELAren ustez, norabide-aldaketa hori zuzendaritzak plantillari presioa egiteko duen estrategia bat da. “Baliteke enpresak negoziazioa eten izana denbora batez hoztu eta gero berriro aktibatzeko. Horrela, Alemaniaren presiopean ari garela argudiatuta, arineketan azken proposamena baino okerragoa izango den akordio bat sinatzera behartu nahiko ditu langileak”, kexu da sindikatua.

Zuzendaritzak gaur helarazi die erabakia sindikatuei, 27. negoziazio-bileran. Gogoratu beharra dago Ingo Ettischer Vanseko Estrategia arduradunak malgutasuna eta soldata-igoerak egungo testuinguruaren eta enpresaren irabazien oso azpitik jasotzen zituen proposamena egin zuela orain dela bost egun. Gaur, berriz, zuzendaritzak alde bakarrez negoziazioa gelditzea erabaki du. ELAren iritziz onartezina da negoziazioan norabide aldaketak egitea eta enpresa bere postaren bidez langileekin komunikatzea, langileen ordezkaritzaren bitartez izan beharrean. "Ezin da onartu enpresak erritmoak markatzea eta aldebakarreko erreferenduma noiz deituko duen mehatxupean bizitzea, negoziazio kolektibo demokratikoaren arauak urratuz", deitoratu dute.

Sindikatuak eskatu du benetako negoziazioari ekitea eta soldata-igoerak, malgutasunaren mugak eta enplegu-bermeak barne hartuko dituen edukiak bermatzea.