Martxoak 8

1.500 euroko gutxieneko soldata erreparazio feministarako tresna dela dio ELAk

1.500 euroko gutxieneko soldata erreparazio feministarako tresna dela dio ELAk
ELAk ekitaldia egin du Donostian, Gipuzkoako erresidentzietako grebalariei babesa emateko eta bertako langileei gogorarazi die emakumeen eskubideen alde borrokatzea ere badela martxoaren 17rako gutxieneko soldataren alde deitutako grebaren helburuetako bat.

M8aren atarian, ELAk ekitaldia egin du Donostian, Gipuzkoako erresidentzietako grebalariei babesa emateko. Hitzarmenaren negoziazioa erabat blokeatuta dago patronalek proposamenik egin ez dutelako. Bien bitartean, 100 greba egun baino gehiago bete dituzte. Sindikatuak uste du Foru Gobernuak bultzatzen duen zaintza eredua genero diskriminazioan oinarritzen dela, eta martxoaren 8a gerturatzen ari den honetan, diputatu nagusi Eider Mendozari eskatu diote berdintasunaren inguruko diskurtso instituzionala praktikara eramatea.

Ildo beretik, sindikatuak azaldu du emakumeen eskubideen alde borrokatzea ere badela martxoaren 17rako gutxieneko soldataren alde deitutako grebaren helburuetako bat. Zentzu horretan, ELAk azpimarratu du 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldeko aldarria aldarrikapen feminista ere badela. 

Sindikatuko genero alorreko Jone Bengoetxeak ekitaldian gogorarazi du gutxieneko soldata jasotzen duten langileen ia bi heren emakumeak direla. Erresidentzietako langileen egoerari aipamen eginez esan du oraindik ere emakumeen lanek eta soldatek balio ekonomiko eta prestigio sozial txikiagoa dutela. “Jendea zaintzeak gutxiago balio du produktuak edota materialak ekoizteak baino”. Horren adierazle da Foru Aldundiak Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroen sektorea pribatizatu izana nahiz eta jakin horrek lan baldintzak eta zerbitzua bera okertuko dituela, kexu da. 

Bengoetxeak gehitu du gutxieneko soldataren igoerak kotizazio handiagoak bermatuko lituzkeela, eta bizimodu hobea emango liokeela emakume askori, etxetik kanpo eta etxean lan egin izan arren, pentsio baxua jasotzen dutenei, hain zuzen ere. Kontuan hartu behar da 65 urtetik gorako emakumeen artean ere, pobrezia-tasa handiagoa dela adin bereko gizonen kasuan baino. Izan ere, Bengoetxeak salatu bezala, kontratu partzialen gehiengoa emakumeen bizkar geratzen da. Horren isla da Gipuzkoako erresidentzien sektorea. Langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren lanaldi partzialak ditu, eta langileek urtean 10.000 euro gutxiago kobratzen dute lan bera egiten duen langile publikoekin alderatuta. Eskaera nagusien artean daude %100eko lanaldiak bermatzea eta soldata arrakala ezabatzea. 

Zaintzaz ari zela, Bengoetxeak gogorarazi du seme-alabak zaintzeko eszedentzien % 87 eta beste senide batzuk zaintzeko eszedentzien % 72 emakumeek hartzen dituztela eta horrek zuzenean eragiten duela etorkizuneko pentsioetan. Bestalde, emakumeek osatutako guraso bakarreko familien egoera ekonomikoa okerragoa dela nabarmendu du. “Emakume migranteek pobrezia arrisku tasa oso handiak dituzte lanmerkatuan sartzeko oztopoen ondorioz eta babes sarerik ez dutelako, beti ere, ahaztu gabe guzti horren oinarrian Atzerritartasun Lege krudela dagoela”, baieztatu du.