AZAROAK 30 - GREBA FEMINISTA OROKORRA

“Zainketen arazoan sakontzeko eta Gobernuei interpelatzeko balio izan du”

2024/02/13
Leire Gallegok, ELAko Genero arloko arduradunak, azaroaren 30eko greba feminista orokorraren balorazioa egin du, orain praktikara eraman behar diren aldarrikapenak egin zituen jardunaldi historikoaren inplikazio sindikalak azpimarratuz. Hori da hurrengo hilabeteetako erronka.

ELAk babestu egin zuen Euskal Herrian irailaren 30ean deitu zen Greba Feminista Orokorra. Zer balorazio egiten duzue greba horri buruz?

Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra deitzea erabaki zuen. Eta, diozun bezala, ELA deialdi horren alde agertu zen. Gure balorazioa positiboa da. Zainketen gaia eztabaida sozialaren eta politikoaren erdigunean jartzea lortu da, eta hori oso urrats garrantzitsua da.

Zainketetan zentratu izana, beraz, egokia dela uste duzu?

Bai, noski. Eta are gehiago, politika neoliberalek agintzen duten Europako egungo testuingurua aztertzen badugu; gainera, ultraeskuinak gero eta gehiago markatzen du agenda, eskubideak murrizten eta elkartasunik eza sustatzen saiatzeko. Gure herri honetan sindikatuok eta gizarte-mugimenduok, agenda, bizitzarako hain funtsezkoa den zerbaitekin, zainketekin hain zuzen, markatzea erabaki dugu.

Mugimendu Feministak urte asko daramatza zainketen gaia erdigunean jartzen. Zainketen arazoak emakumeei eta gizonei eragiten die, baina argi dago desoreka handia dagoela emakumeek eta gizonek eremu pribatuan euren gain hartzen dituzten zereginen artean. Erantzunkidetasunetik oso urrun gaude. Guztiok pairatzen ditugu zainketa-sistemaren eskasiak, unibertsala, publikoa, doakoa eta kalitatezkoa izatetik oso urrun baitago. Badago erantzukizun indibidual, sozial, baina batez ere politikoa. Horregatik, iruditzen zaigu Greba Feminista Orokorra zainketaren gaian zentratu izana eta emakumeak eta gizonak grebara deitu izana egokia izan dela.

Deialdi honi boikot instituzionala edo mediatikoa egin al zaio?

Botere ekonomikoak eta politikoak borroka askoren izaera eraldatzailea ezabatzen saiatzen ari dira. Hori oso argi ikusi da mugimendu feministarekin. Hemen mundu guztiak feministatzat hartzen du bere burua, askotan zertaz ari garen oso argi geratzen ez den arren. Zer esan nahi du feminista izateak? Zer eskatzen zaie erakundeei beren politikak feministak izan daitezen? Duela gutxi, Nerea Melgosa EAEko Berdintasun sailburuak hau esan du: “Bi aldarrikapen daude. Bat mahai gainean jarri behar dugun zainketa-eredua zein den da. Beti esan izan dugu eredu publiko eta komunitarioa dela. Batzuei gustatu ez arren, Eusko Jaurlaritzak defendatutako eredua da”.

Sailburuak badaki hori ez dela horrela. Hala ere, Mugimendu Feministaren diskurtsoaz jabetzen saiatzen da. Ez duela egia esaten erakusten duten zenbait datu emango ditugu. Kasu honetan, grebak zuzenean interpelatzen zituen Hego Euskal Herriko erakundeak, haiek baitute zainketa-sistemaren ardura. Gutxi batzuek zainketekin duten negozioa kritikatzen ari zela ikusita (egoitza-plaza batek urtean 16.000 euro baino gehiagoko kostua du, batez beste, EAEn; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 434 egoitza daude, eta horietatik 40 baino ez dira kudeaketa publikokoak, eta Nafarroan 78 egoitzetatik 2 baino ez dira publikoak), eta eredua nabarmen aldatzea eskatzen ari zirela ikusita, komunikabide nagusien (pribatuak eta publikoak) erantzuna deialdiaren aurreko informazio-boikota izan zen, badakitelako politiken erdigunea ez direla zainketak, negozioa baizik.

Zer balorazio egiten duzue greba egunari buruz?

Grebaren jarraipena oso garrantzitsua izan zen, baina guk nahiko genuena baino txikiagoa. ELAren ustez, Greba Orokorrak beti izan behar du helburu langileen ahalik eta atxikimendu handiena lortzea. Gai honetan, erakunde guztiok ez dugu ikuspuntu bera. Mugimendu Feministaren parte batek, baita beste sindikatu batzuek ere, geldialdia ahalik eta handiena izateko helburua erlatibizatu dute. Gure ustez, etorkizunera begira gai hori funtsezkoa da, gure iritziz ez baita egokia grebarik deitzea langileak egun horretan geratzea behar bezala landu gabe. Greba egun bat eta mobilizazio egun bat ez dira gauza bera.

ELArentzat oso garrantzitsua izan da lantokietako antolaketa-lana. Funtsezkoa da edozein grebatan, eta oso modu positiboan baloratzen dugu. Beti bezala, jakin behar da zergatik iritsi garen hobeto sektore, enpresa edo eskualde batzuetara beste batzuetara baino, baina baloratu behar dugu ELAk 1.500 batzar baino gehiago deitu dituela, eta parte-hartze handiko Eskualde Batzarrak egin dituela. Grebarekin buru-belarri aritu garela esan dezakegu, zorrotz landu dugula, tradizioz bozketa lotesleak egiten diren lantokietan ere grebak egiten saiatu garela (LABek ez du horrekin bat egin, eta bozketen izaera lotesle hori saihesten saiatu da).

Sektore feminizatuetatik haratago joan al da?

Jende askok uste zuen ez ginela gai izango Greba Orokor izaera izango zuen Greba Feministarako deialdia egiteko erronkari aurre egiteko. Eta uste dut esan behar dela jende hori oker zegoela. Gipuzkoako metalgintzako dozenaka enpresatan langileek, gehienak gizonak, grebaren alde bozkatu izana horren erakusgarri argia da. Eta adibide hori jarri dugu, lurralde horretan Greba Orokorra deitzen denean bozketa lotesleen kultura hedatuta baitago.

Eta zer sentsazio utzi zizuten egun hartako mobilizazioek?

Mobilizazio zentralizatuak arratsaldean izan ziren, batez ere lau hiriburuetan egindako manifestazioekin. Oso manifestazio garrantzitsuak izan ziren, parte-hartze handikoak, oso sentsazio onak utzi zizkiguten.

Diseinua beste Greba Orokor batzuen diseinuarekin aldera dezakezu?

Joan den azaroaren 30 hau, ELAk beste sindikatu eta erakunde sozial batzuekin batera zuzenean deitu dituen Greba Orokorrekin aldera daiteke. Adibidez, aurrekoa 2020ko urtarrilaren 30ean izan zen, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak eta Pentsiodunen Mugimenduak egindako deian. Orduan, mobilizazio zentralizatuak eta indartsuagoak goizean izan ziren. Kopuruek erakusten dute greba hartan hiriburuetako goizeko mobilizazioek nabarmen gainditu zituztela azaroaren 30ekoak. Gure ustez, diseinu hori bat dator grebak ahalik eta geldialdi-mailarik handiena izan behar duelaren ideiarekin. Goizean egiten diren mobilizazio handi horiek ikusgaitasun handia ematen diete grebei, eta emozionalki ere onarpen eta harrotasun kolektiboa eragiten dute grebalarien artean. Gainera, lantokietan geldialdia masiboagoa izatea sustatzen dute. Guretzat, arratsaldeko mobilizazio masiboek gehiago dagozkie mobilizazio-egun bati Greba Orokorreko egun bati baino.

Zer egingo du ELAk datozen hilabeteetan zainketen gaiaren inguruan?

Borroka sindikalaren eta sozialaren aldeko apustuarekin jarraitu. Zainketak dira ELAren ekintza sindikalaren ardatz nagusia. Negoziazio kolektiboan urte asko daramatzagu arlo horretako sektoreen lan-baldintzak duintzen (egoitzak, etxez etxeko laguntza, esku-hartze soziala…), eta sistema horren kalitatea eta arreta-mailak hobetzeko borrokan ere ari gara. Sektoreko eta lantokietako grebak funtsezkoak izan dira langileen lan-baldintzak hobetzen joateko, zainketen eztabaida sozializatzeko eta gure gobernuari eta klase politikoari eredua aldatzea eskatzeko.

Hain zuzen ere, interpelazio politikoaren arloan, duela 20 urte Gizarte Zerbitzu Publiko, Unibertsal eta Doakoen aldeko plataforman modu aktiboan parte hartzea erabaki genuen. Beraz, ELAk urte asko daramatza bere bide propioa markatzen, norabide egokian, gure iritziz, bi esparruetan. Horrekin esan nahi dut, halaber, Greba Feminista Orokor honekin ez garela hutsetik hasi.

Azken batean, datozen hilabeteetan negoziazio kolektiboan sakontzen jarraituko dugu, sektore horietako langileek lan-baldintza hobeak izan ditzaten, ratioak murriztu daitezen eta sistemaren kalitatea hobetu dadin. Eta interpelazio politikoaren arloan oso adi egongo gara, eta zainketen ikuspegitik aztertuko ditugu datozen hilabeteetan gure aldundiek eta gobernuek hartuko dituzten aurrekontuak eta neurriak. ELAk Greba Feminista Orokor honetan landu duen errebindikazio-taularen ezaugarria gogora ekarri eta horren alde borrokatuko gara: zainketa-sistema publikoa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta erantzukidea.