“Zuriketa morea zuena, borroka feminista gurea”

2020/03/06
Martxoaren 8a –Emakumeen Nazioarteko Eguna– dela-eta Donostiako Kursaalean egindako jardunaldi batean, ELAk genero-arrakalen aurkako jarduera zehatzak eskatu dizkie erakundeei, eta, aldi berean, zuriketa morea edo purplewashing instituzionala kritikatu du, hau da, euskal administrazioek itxurakeriaz egiten duten propaganda eta marketin sasi-feminista. Ekitaldian sindikatuko 600 delegatu eta militantek baino gehiagok parte hartu dute.

Berdintasun Alorreko Jone Bengoetxeak Martxoaren 8a aldarrikapen eta borroka feministaren eguna dela gogorarazi du, eta instituzioen, patronalaren, eta botere faktikoen zuriketa morearen tranpan erortzeko arriskuaz ohartarazi du. "Mugimendu feminista lortzen ari den garaipenak eta borroka feminista desaktibatzeko tresna da zuriketa morea. Guk biztanleriaren % 99rentzat izango den feminismoa defendatzen dugu, zalantzak planteatzen dituen feminismoa, sistema erreproduzitzen jarraitzeko balio ez duena eta gure borroken eta gure bizitzen subjektu izaten lagunduko diguna ".

Berdintasun Alorreko Nahia Fernandezek, berriz, enpresetan negoziatu beharreko berdintasun planen garrantzia nabarmendu du, lan munduan emakumeek jasaten dituzten desberdintasunak identifikatu eta iraultzen hasteko tresna gisa. "ELAk ez ditu sinatuko ordainsariak, lanaldiak, behin-behinekotasuna edo sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena bezalako gaiak ukitzen ez dituzten berdintasun-planak. Adibide gisa, azpimarratu nahi nuke Gizatzen enpresako garbitasunaren sektoreko lankideek martxoaren 16tik aurrera 2 asteko grebara deitu dutela berdintasun plan erreal eta eraginkor baten alde borrokatzeko".

Zerbitzuak federazioko Ane Zelaiak azpikontratazio publikoetan lan egiten duten emakumeek jasaten duten genero-arrakalaren aurka egiten ari diren borrokak azaldu ditu; eten horiek murriztea edo desagerraraztea erakundeen esku dago: udalen, aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren esku. "Gure borroka, Martxoaren 8tik Martxoaren 8ra, hitz politetatik ekintzetara pasatzeko eskatzean datza".

Aitziber Aranberrik, Gipuzkoako Egoitzetako langileak, bere aldetik, azaldu du borrokan jarraitzen dutela –235 greba egun betetzen dituzte– jasaten duten soldata-arrakalarekin eta partzialtasunarekin amaituko eta ratioak hobetuko dituen hitzarmen baten alde; azken batean, mendekotasuna duten pertsonen asistentzia-kalitatea hobetzeko balioko duen hitzarmen baten alde.

Azkenik, Leire Txakartegik, Berdintasun Alorreko arduradunak, sindikatua egiten ari den genero-berdintasuneranzko antolaketa-prozesua azaldu du. "Erakunde feminista izan nahi badugu, erakunde osoa eta estrategia sindikala birpentsatu behar ditugu, erakundeok ere diskriminazio eta desberdintasun egoerak sortzen ditugulako egunerokoan, nahi gabe bada ere".

Txakartegik, hizlari guztiek bezala, Gipuzkoako egoitzetako langileen borroka nabarmendu du. "Gizarte eredu justuago baten aldeko gatazka da, bizitzak erdigunean jarri eta gehiengo sozial baten beharrei erantzungo diena; baldintza duinetan zaintzeko eta zainduak izateko eskubidearen aldeko gatazka da; genero ekitatearen alde urrats eraginkorrak egitearen aldeko gatazka feminista da".

Azkenik, ekitaldira joan diren pertsonak Kursaaleko zabalgunera atera dira, Erresidentzietako langileak omentzeko; omenaldian parte hartzeko ordu batzuez Emakumeen Etxean egiten ari diren itxialdia utzi dute hainbat grebalarik.

ELAk dei egin die sindikatuko afiliatu, delegatu eta militanteei martxoaren 8an Euskal Herriko txoko guztietan egingo diren manifestazio ugarietan aktiboki parte hartzera.