Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Aitortu, erantzun, erreparatu

2024/11/25
Urtero bezala, ELAk ekitaldia egin du Azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Aurtengoak hiru ardatz izan ditu: aitortu, erantzun eta erreparatu. Hiru dira, beraz, elementu nagusiak: indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeen hitza sinistu eta aitortu beharra dago, erasoari erantzun behar zaio eta berau erreparatu beharra dugu, kolektiboki. Bestalde, ELAk dei egiten du Euskal Herriko hainbat txokotan Mugimendu Feministak deitutako manifestazioetan parte hartzera.

Horri buruz hausnartzeko Agurainen bildu da ELA Mugarik Gabeko Joana Etxanorekin eta Deustu/Saninazioko modulo psikosozialeko kide Carmen García, Ane Navarro eta Laura Elezkano Atienzarekin. Deustu/Saninazioko modulo psikosoziala 80ko hamarkadan abiatu zen drogomenpekotasuna zeukaten gazteen familiekin elkarlanean. Gaur egun, bi lan ildo dituzte: osasun mentala eta adikzioak artatzea eta indarkeria matxistei aurre egitea. Mugarik Gaben, bestetik, urteak daramatzate indarkeria matxistei aurre egiten. Testigantzetatik abiatuta, memoria kolektiboa eta erreparazioa dute aztergai.

Aitortza

Lehen urratsa, ELAko genero alorreko kide Jone Bengoetxeak azpimarratu duenez, erasoa gertatu dela aitortzea da. Zentzu horretan, azpimarratu du ezinbestekoa dela emakumeen ahotsak entzutea eta euren lekukotzak sinistea; izan ere, oraindik, emakumeen hitza zalantzan jartzen da sarri, Errejon auzian ikusi den bezala. “Nik sinisten dizut aldarrikatzen jarraitzen badugu, zergatik jartzen ote dira gure lekukotzak behin eta berriz zalantzan?”, galdetu du.

Deustu/Saninazioko modulo psikosozialeko kideek adierazi dute indarkeria matxisten aurka egitea eta horiek eragindako minak eta zauriak artatzea lan komunitarioa dela, edo hala izan beharko lukeela behintzat. Mugarik Gabeko kideak ere ados agertu dira baieztapen honekin, eta azpimarratu dute instituzioetatik ez ezik, jendartearen aitortza ere funtsezkoa dela.

“Aitortza soziala ezinbestekoa da. Pentsa esazue lantokietan horrelako egoera batean zein desberdina den lankideek zure hitza sinestea edo zalantzan jartzea. Edota normaltasunez hartzea egoera, diskriminazio eta indarkeria egoera baten aurrean egongo ez bazina bezala”, azaldu dute.

Askotan, ordea, emakumeen lekukotzak zalantzan jartzen dira. “Aitortza sozialak hori egiten du, sinesgarritasuna eta babesa eman, ulertuak sentitu arazi eta barneratu ezin dela errepikatu. Eta jendarteak, kolektiboek, horren aurrean erantzukizuna dugula onartu eta horretaz jabetu”, nabarmendu dute.

Erantzun

Erasoa bera ez da, sarritan, zalantzan jartzen den bakarra, Bengoetxeak azaldu duenez. Izan ere, erasoari nola erantzun ere bolo-bolo dabilen gaia da. Ildo horretan, zenbait galdera bota ditu: “Emakumeok beti salatu behar al dugu indarkeria matxista? Nola eta nori kontatu epaitegitara heltzen ez diren indarkeria matxisten milaka errelato eta errealitateak? Egungo justizia patriarkalak zein zirrikitu uzten digu indarkeria matxistei aurre egiteko?

Deustu/SanInazioko kideek diote kasu askotan arreta psikologikoak eta juridikoak eskutik joan behar dutela, beti ere, ikuspegi komunitarioa ahaztu gabe. Protokoloak aipatu ditu Etxanok. “Mugimendu feministak protokoloak jartzen ditu abian, batetik, instituzioek ez dutelako behar bezalako erantzuna ematen kasu askotan eta honi erantzuteko. Protokoloek ez dira berez erreparazio prozesu baten helburua, baina ekarpena egin diezaiokete”.

Ez bazara konponbidea, arazoa zara

Aurten Euskal Herriko Mugimendu Feministak A25era begira aukeratutako leloaren harira –‘Ez bazara konponbidea, arazoa zara’–, Bengoetxeak interpelazio zuzena egin die gizonei. “Non daude/zaudete gizonak?”, galdetu du.

Errejon auzia abiapuntu, gizonen paperaz hausnartu du. “Oso gizon gutxi ari dira publikoki zerbait esaten indarkeria matxisten inguruan edo azken gertakarien inguruan. Ematen du ez direla edo ez zaretela interpelatuak sentitzen, Justa Montero feminista aktibista ezagunak esaten duen bezalaxe”.

Ildo beretik, baieztatu du gizonek badutela zer esan eta zer birplanteatu, bereziki gizon heterosexualek, sexu indarkeria-indarkeria matxista desberdinen inguruan; bai maskulinitateari begira zein mantentzen dituzten harremanei sexu-afektiboei begira, besteak beste.

Erreparatu

Kontua da: nola erreparatu? Deustu/SanInazioko modulo psikosozialeko kideek argi diote: “Mina jaso duen emakumearen ahotsa entzun behar da, baina askotan hori ez da posible izaten komisaria eta epaitegietan. Horregatik, beste espazio eta bide batzuk topatu behar dira”. Sarearen garrantzia azpimarratu dute, eta azaldu dute antzeko bizipenak izan dituzten emakumeekin hitz egiteak ere mina erreparatzea ahalbidetzen duela; adibidez, Autodefentsa Feminista taldeetan edo lagun taldeetan.

“Emakume bakoitzak behar bat dauka, eta erreparazioak ere badu dimentsio subjektibo bat. Esate baterako, epaiketa bat irabazteak edo sententziak ez du beti izaera erreparatzailea”, gehitu du.

Ane Navarro eta Laura Elezkano de Atienzak jendartea ere interpelatu du. “Memoria kolektiboak erreparazio sozialari laguntzen dio, egoera bat oholtzan jartzen, plazaratzen, sinesgarritasuna ematen, zer gertatu behar ez zen adierazten, berriro ere gerta ez dadin. Orokorrean historiak, memoriak, funtzio hori du”.

Biktima

Biktima kontzeptuaz ere aritu dira. Deustu/SanInazioko modulo psikosozialeko kideek baieztatu dutenez, “min handia ematen du biktima izateko eredu bakarra egoteak, ezinezkoa baita eredu horretan sartzea. Are gehiago, emakume askok ez dute beraien burua biktimatzat hartu nahi eta horretarako eskubidea dute. Horrek ez du esan nahi ez dutenik mina jaso”.

Bide beretik, uste dute balorean jarri behar direla denboran luzatu den indarkeria edo abusuzko egoera batean gertatu diren erresistentzia eta autodefentsa estrategiak; adibidez, harreman luze batean. “Ezin dugu begi-bistaz galdu horrelako harremanei eusteko arrazoi asko daudela, bai oztopo estrukturalak (etxebizitza, lan prekarioa, umeen eta beste familia-kideen zaintzaren zailtasuna…), baita oztopo emozionalak ere”. Horri aurre egiteko komunitatearen garrantzia berretsi dute, eta entzute aktiboak duen garrantzia azpimarratu.

Mugarik Gabeko Joana Etxanok aipatu du erantzun edo akonpainamendu egoki batek, gainera, ikuspegi feminista badu, “emakume hauek biktima izatetik superbibiente izatera pasatzea ekar dezakeela, baita biziraun duten emakumeen taldeetan ikusten denez, indarkeria matxisten kontrako aktibista bilakatzeraino. Hau horrela gerta liteke, edo ez, biktimaren aukera delako”.

Hortaz, azpimarratu dute, prozesuan zein ibilbide eta erabaki hartuko dituen errespetatu behar dela. “Prozesu errespetagarri batean biziraun duen emakumeak trantsizioa egin dezake eta aktibista bilakatu ere, baina ez du zertan hori erabaki behar eta hori ere errespetatu beharra dago, zintzotasunez jokatzeko”.

Erreparazioa

Erreparazioari tiraka, galdera bota dute: beti al dago erreparazioa? Erantzun egin dute Ane Navarrok eta Laura Elezkano de Atienzak. “Segun zer ulertzen dugun erreparazio bezala. Ez da etekinak ateratzeko, arrakasta izateko edo emaitzak lortzeko ezer. Hori ikuspuntu kapitalista da eta aldatu behar dugu”.

Bide beretik, adierazi dute kasu bakoitzak bere ezaugarri propioak dituela. “Pertsona batzuek hainbat diskriminazio pairatzen dituzte. Ni, adibidez, pribilegioduna naiz emakume europar zuria naizen heinean, maila ertainekoa, ikasketekin, zis, heteroa etab”. Sarearen garrantziaz ere mintzo dira. “Zenbat eta aberatsagoa, orduan eta aukera gehiago prozesuari eusteko. Inguruan inplikatzeko prest dauden pertsonak eta eragileak izateak berebiziko garrantzia du. Kasu honetan sindikatua ere badago sare horren barruan, eta bertan egin daitekeen lana gakoa izan daiteke zenbait prozesutan”.

Mugarik Gabek gehitu du sindikatuak kolektibo bezala erantzukizuna baduela, eta beraz, eraldatzeko aukera ere, erreparazio sozialerako tresna izan daitekeelako. “Lantokietan dauden egoeretan hausnartu behar da zein jokabide dugun eta nola jokatu nahi dugun erreparazio sozial hori bermatzeko eta biktimak sinesgarritasuna eta babesa izan dezan, araudietatik haratago”.

Omenaldia

Aguraingo Harresi aretoan egindako ekitaldia amaitzeko ELAk 2025an Euskal Herrian eraildako eta erasotutako emakumeak omendu nahi izan ditu. Horretako, besteak beste, bost kandela piztu dira, aurten eraildako bost emakumeen omenez.

Manifestaziotarako deialdiak

ELAk dei egin du Euskal Herriko hainbat txokotan Mugimendu Feministak deitutako manifestazioetan parte hartzera.