“SOILIK BAIETZ DA BAIETZ“ LEGEA
Aldaketa atzerapausoa da, berriz ere frogaren zama ezartzen diolako emakumeari

ELAren ustez, Kongresuan onartu den Legea "bai bakarrik da bai" izenekoaren aldaketa atzerapausoa da duela hilabete batzuk onartutako hasierako testuarekiko; izan ere, berriz ere froga-karga ezartzen dio emakumeari, eta horrek frogatu beharko du indarkeria-maila jakin bat jasan duela erasoa astungarri jakin batzuekin kalifikatzeko, eta, beraz, zigor handiagoak ezartzeko erasotzaileei.
PSOE, PP, EAJ, UPN, Ciudadanos, PdCAT eta Coalición Canaria alderdiek onartutako aldaketak delituen bateratzeari eusten dio, baina indarkeriaren eta larderiaren ebaluazioa sartzen du berriro, inguruabar horiek egoteak zigor handiagoa ekar dezan. Horrez gain, aldaketa horrek ez ditu zuzenduko jada gertaturiko zigor edo askatzeak, lege berriak errudunarentzat onuragarriagoak direnean bakarrik aplika daitezkeelako.
Legea onartu aurretik, bi delitu zeuden: abusua (arinena) eta erasoa (larriena). Azken hori aplikatzen zen indarkeria edo larderia egon zela frogatzen bazen. Hau da, zigorrik larriena eskatzeko, biktimak indarkeria egon zela frogatu behar zuen. Indarkeria emakumearentzat frogatu behar izatearen ondorioak izugarriak dira:
- Prozesu osoa biktimari indarkeria nolakoa izan zen galdetzean datza; prozesua biktimari buruzkoa da.
- Biktimaren borondatea drogen bidez baliogabetzeak, adibidez, zigor txikiagoa zekarren.
- GREVIOk (Genero-indarkeriaren aurkako adituen taldea) 2020an jada ebatzi zuen Espainiak adostasuna jarri behar zuela zentroan, eta ez indarkeria bere zigor kodean.
ELAren ustez, "bai bakarrik da bai" legearekin lege integral bat lortu zen, genero-indarkeria egiturazko arazo gisa tratatzen duena; beraz, jokabide bat zigortzeaz gain, legeak prebentziorako, detekziorako, laguntzarako eta abarrerako baliabideak jasotzen ditu. Gainera, lege horrek orain arte zigorrik gabe geratzen ziren jokabideak tipifikatu zituen; kaleko jazarpena edo sexu-edukia berbidaltzea, eta abar.
Era berean, punitibismoa ez da indarkeria matxistaren aurkako konponbidea. Konponbidea izan beharko litzateke baliabide gehiago bideratzea berdintasunean oinarritzen den hezkuntzarako, prebentziorako eta arriskuan dauden emakumeentzako. Horregatik guztiagatik, ELA ez dator bat gaur Kongresuan onartutako aldaketarekin.