Arabako Alestis Aeroespace enpresak bultzatutako ERTEan emakumeak diskriminatzen ari direla salatu du ELAk Emakunden

2020/06/10
CCOO eta UGTrekin adostutako ERTEAk enplegua eta zaintza lana uztartu behar izan duten emakumeak propio zigortzen dituela azpimarratu du sindikatuak. Izan ere, ERTE honen bidez, zeharkako lanean diharduten langileen %20ari aldi baterako kontratua eten egingo zaio. Talde horretan, guztira, 40 langile daude, 19 gizon eta 21 emakume; eta 21 emakume horietatik 13 lanaldi murriztuan daude euren bizkar gainean dutelako umeen zaintza. Hori ez da kasualitatea, dio sindikatuak, eta ERTEak nortzuk kaltetuko dituen erabakitzerako orduan irizpide subjektibo eta diskriminatzaileak erabili direla baieztatu du, beti ere, zaintza lanetan ere aritzeko lanaldia murriztuta duten emakumeen kaltetan.

ELAk salaketa jarri du Emakunden Arabako Alestis Aeroespace SL enpresako zuzendaritzak CCOO eta UGTterekin batera sinatutako ERTEan genero diskriminazioa atzeman duelako. Sindikatuak salatu duenez, enplegua eta zaintza lana uztartu behar izan duten emakumeak penalizatu dituzte propio ERTE honetan.

Maiatzaren 18an Alestis enpresak ERTE prozesu bat abiatu zuen COVID19aren bueltan sortutako alarma egoera dela eta. Enpresako zuzendaritza Estatu mailako akordio batera iritsi da CCOO eta UGT sindikatuekin ERTEaren aplikazioari dagokionez, hau da, euren artean erabaki zuten nori etengo zaion kontratua eta nori ez. Kaltetuenak, baina, emakumeak izan dira ELAk salatu duenez.

Genero diskriminazioa ERTEaren aplikazioan

ERTE honen bidez, Alestis Aerospace SL-ko zuzendaritzak CCOO eta UGTren adostasunarekin erabaki du zeharkako lanean diharduten langileen artean %20ari aldi baterako kontratua etetea. Langile multzo honetan 40 langile dira guztira (19 gizon eta 21 emakume), eta horietatik 13 pertsona (guztiak emakumeak) jardunaldi murrizketan daude adin txikikoen zaintzagatik. 40 langile hauetatik, 8ri etengo zaie kontratua (%20a), eta hemen dago koska, ELAren hitzetan: “kasualidadez, hautatuak izan diren 8 langileetatik, 7 emakumeak dira, eta guzti horiek lanaldia murriztua dute adin txikikoen zaintzagatik”, salatu du. Emakume hauetatik bat, gainera, ELAko ordezkari sindikala ere bada.

Gauzak horrela, sindikatuak irmoki salatu du 8 pertsona hauen hautaketa ez dela irizpide objektiboen bidez justifikatu inondik inora, hala nola, antzinatasuna edota formakuntza maila, esaterako. Aitzitik, ELAk zein kaltetutako langileek uste dute erabaki hau arrazoi subjektibo eta diskriminatzailean oinarrituta izan dela, enplegua eta zaintza lana uztartu behar izan duten emakumeak zigortuz. “Enpresaren interesen alde bizitzak albo batera zokoratu dira, funtsezko eskubideak urratzeraino”, kexu da sindikatua.

ELAren ustez argi dago ERTE honen akordioaren atzean bizitza pertsonal eta laborala kontziliatzeko eskubidearen urraketa zein genero diskriminazio nabarmena dagoela. Hau gutxi balitz, kaltetutako langileek ELAri aditzera eman diote enpresako zuzendaritzak honelakoak esan dizkietela euren kontratuen suspentsioa justifikatzeko asmoz: “erabaki hau hoberena da zuentzat, honela zuen haurren zaintzarako denbora gehiago izango duzue”.

Horregatik, ELA adierazi du medio eta tresna guztiak erabiliko dituela hautu hau atzera botatzeko eta hautaketa sistema justuago bat ezartzeko: tresna juridikoen bitartez, lan-ikuskaritzaren bidez, eta abar. Honekin batera, eta kasuaren genero irakurketa argia ikusita, EMAKUNDE – Emakumearen Euskal Erakundean salaketa jarri du, “instituzio mailan ere emakumeen eskubide urraketa larri honen berri izan dezaten eta esku-hartu dezaten”.

“Halako kasu praktiko baten aurrean, espero dugu erakundeak berdintasun formalean ez ezik errealean eragiteko luzatu diogun aukera hau ez galtzea”, azpimarratu dute.

Gaineratu dutenez, beldur dira aurrerantzean ere eta 2008ko krisialdiko enplegu sarraskia errepikatzen bada (ERTEak, EREak…), antzekotasun handiko genero diskriminazio kasuak eman daitezkeelako. “Bizitzak erdigunean jarri ordez euren interes ekonomiko propioak defendatzeko enpresari askok genero desorekei probetxua aterako diotenaren susmoa dugu. Ondorioz lehenbailehen esku-hartu nahi dugu gai honetan, genero injustiziari mugak ezarriz, bide guztiak jorratuz, instituzionala barne. Horregatik dei egiten diogu Emakunderi premiazko gai honetan irmoki esku-hartu dezan·”, gehitu dute.

Lantokietan ere genero diskriminazioarekin amaitu arte borrokan jarraituko dutela berretsi dute, emakumeon eskubideen defentsan, sindikalismo feminista eraikiz.