Aurkezpena

ELAn emakumeen presentzia, parte hartzea eta ordezkapen maila txikia zela ikusirik sortu zen genero alorra; halaber, alorra eratzeko beste arrazoi bat izan zen emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruz estrategia sindikal orokor bat egin beharra. Orduan antzeman ziren beharrizan eta gabeziak baliatu ziren abiapuntu gisa. Badakigu erronkak oraindik hor ditugula, genero alorra garatu eta honekin lotutako ekintza sindikaleko esparruak zabaltzen joan diren arren. Horrenbestez, ELAko genero alorraren lanak bi norabide ditu: -Batetik, alorrak batez ere sindikatuko barne-lana egiten du, berdintasun gaietan eta diskriminazioaren aurkako borrokan ildo estrategikoak bultzatu eta ezartzen dituelarik. bai gure mezuetan, bai praxi sindikalean. -Bestetik, beste sindikatu eta gizarte-mugimendu batzurekin batera sarean eta antolatuta lan eginez gako feministak jorratzen dira. Gogoeta, esperientzia eta jakintza partekatu nahi da, emakumeen eskubideen aldeko ahaleginak bateratzeko baliagarri izan daitezkeenak. Gure proposamen orokor zein konkretuetan genero ikuspegia aintzat hartzea zeharkako lan-ildotzat jo dugu. Badakigu hau borroka estruktural bat dela, baina neurri eta ekinbide konkretuak ere eskatzen ditu. Alorrak, beraz, sindikatu osoarentzako tresna izan nahi du, baita erreferente politiko ere, berdintasunaren eta emakumeek jasaten duten diskriminazioaren kontra. Gure lan-merkatuaren ezaugarria da lanaren zatiketa sexuala; sistema ekonomiko eta gizarte-eredu batek porrot egin du, eta horren ondorioak emakumeentzat bereziak dira, gizonentzat ez bezalakoak. Sistema kapitalista patriarkal honen iraupenerako euskarri nagusietako bat da emakumeek egiten duten ekarpen ezkutua, biziak jarraituko badu egiten duten ezinbesteko ekarpena.