GURASO BAKARREKO FAMILIAK

Gorenak ukatu egin die jaiotzagatik eta seme-alabak zaintzeagatik aste bikoitzetan prestazioa jasotzeko eskubidea

2023/03/09
Auzitegi Gorenak ukatu egin die guraso bakarreko familiei seme-alaben jaiotza eta zaintza prestazioan aste bikoitza hartzeko eskubidea, ELAk irabazitako EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia baliogabetuta. Auzitegi Nagusiak adingabearen diskriminazioa eta emakumearen zeharkako diskriminazioa zegoela adierazi zuen, langileari ukatu egin baitzitzaion bigarren gurasoari dagozkion aste gehigarriak baliatzea. ELAk biziki deitoratu du epaia, emakumeen eta adingabeen diskriminazioa betikotzen duela uste duelako. Gauzak horrela, sindikatuko Zerbitzu Juridikoak aztertzen ari dira epai horren aurrean aurkeztu beharreko errekurtsoak.

Auzitegi Gorenaren epaiak guraso bakarreko familiei baimen bikoitza ukatzen dien doktrina ezartzen du, baina demandatzaileak bere egoera juridikoa aldatu gabe mantentzen du. Hau da, eskatzaileak baimen bikoitza hartu ahal izango du, eskatu bezala, baina ezin izango zaie familia gehiagori aplikatu.

Auzitegi Gorenak argudiatzen du baimen hori emateko Gizarte Segurantzaren araudia aldatu beharko litzatekeela, eta funtzio hori legegileari baino ez dagokiola. Izan ere, Legebiltzarrak eta Senatuak baimen bikoitza emateko legea aldatzearen aurka bozkatu dutela aipatzen du.

Aitzitik, Auzitegi Goreneko bi magistratuk emandako boto partikularrak jasotzen du interpretazio integratzailea egin daitekeela, adingabearen interes gorena eta genero-ikuspegia oinarri hartuta, eta ondoriozta daitekeela nahi duen prestazioa jasotzeko eskubidea zuela eskatzaileak. Bi magistratuek gogorarazi dutenez, Auzitegi Gorenak lehenago ere egin izan du aplikatu beharreko lan eta gizarte segurantzako arauen interpretazio integratzailea, arau horietan berariaz jasota ez dauden kasuetarako.