Ezkerraldea Meatzaldea Bus

Epaitegiak enpresa zigortu du ELA berdintasun planaren negoziaziotik kanpo uzteagatik

2024/02/20
Azken urteetan Ezkerraldea Meatzaldea Bus enpresa berdintasun plana negoziatzen ibili da CCOO eta UGT sindikatuko ordezkari banarekin, ELA sindikatua kanpoan utzita, nahiz eta ELAk enpresan 4 ordezkari dituen.

Bilboko 5. zenbakiko Lan Arloko epaitegiko 2024ko otsailaren 16ko epaian jasotzen den moduan, ELA berdintasun planaren negoziaziotik baztertzerakoan Ezkerraldea Meatzaldea Bus enpresak askatasun sindikalaren oinarrizko eskubidea urratu du eta ondorioz enpresak 8.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio ELAri.

Ez da lehen aldia; izan ere, aurretik epaitegiak 5.000 euro ordaintzera zigortu zuen enpresa, negoziazio kolektiboko eta askatasun sindikaleko oinarrizko eskubideak urratzeagatik. Hitzarmeneko artikulu bat aldatzeko negoziazioan ELA sindikatuaren parte hartzea galarazi izanagatik, hain zuzen ere.

ELAk urteak daramatza berdintasun plan eraginkorren aldeko borrokan; berdintasun formala gainditu, eta errealera salto egingo duten planak bultzatzen. Beste garaipen juridiko bat, sindikalismo feminista egikaritzeko bidean beste garaipen bat.