#BizitzarenLehenLerroan ELAk pandemia betean gure bizitzen alde lehen lerroan borrokatu duten emakume langileen lana aldarrikatu du Martxoaren 8an

Maialen Aranburu ELAko Berdintasun arduradunak hilabete hauetan lehen lerroan egon diren langileetako batzuk aipatu nahi izan ditu. “Krisian txalorik jo ez dioten supermerkatuko langilea; EPI gisa zabor-poltsa bat erabili behar zuena, eta inguruan jendea etengabe hiltzen zitzaion adinekoen egoitzako langilea; bere egoera administratiboa irregularra zelako deportatzeko mehatxua egiten zioten etxeko langilea; call-centerrean bata bestearen gainean lan egin behar zuten langileak, aurikularrak, mikroa eta ordenagailuak partekatuz; Sephora lurrin-dendetako langilea, 900€ irabazten dituena 1.000 €ko kremak salduz; bereziki egoera zaurgarrian dauden pertsona eta kolektiboekin lan egiten duen gizarte hezitzailea, erakundeek ezikusiarena egiten duten artean; lan-karga jasanezina duen eta laneko gaixotasunaren aitorpenik ez duen hoteletako garbitzaile edo “kelly”a; eraikuntzako SACYR multinazionalak zerbitzu publiko izan beharko lukeen lana negozio bilakatzen ikusi duen Etxez-Etxeko Laguntza Zerbitzuko langilea; behargin sanitarioak bezain beharrezkoa den ospitaleko garbitasuneko langilea; hezkuntza-komunitateko langileak eta, batik bat, bertan diharduten kolektibo prekarizatuak, esaterako jantokietako eta garraioko langileak; kontraturik eta ERTErik ez duten zerbitzariak, eta beste hainbeste kasu. Aipatu ditugun hauetaz gainera inork aintzat hartzen ez dituen lanak daude, etxeetan egiten direnak, ordainik gabeak, ikusezinak, kasu gehienetan emakumeen esku daudenak”.
Aranburuk salatu du langile horientzat ez dela txalorik egon. “Are eta gehiago, ez da keinu bat ere ez egon. Lan arloan edo alde emozionaletik ez zaie erreparaziorik eman, negozioaren interes ekonomikoa kokatzen baita pertsonei zainduak izateko eta arreta duina jasotzeko zor zaien eskubideen gainetik. Galdetu, bestela, Gipuzkoako zahar-etxeetako langileei, euren alde eta zaintzen dituztenen alde borrokan daudelarik. Dagoeneko 240 greba egun egin dituzte! Arabako lankideak bide bera hastear dira laster… Borroka bizirik eta sasoian dago zahar-etxe eta zentro sanitarioetan! Zer esanik ez etxeko langileen inguruan! Sistemak ez ditu ikusten ezta aitortzen ere, baina langile hauek egiten dituzten etxeko eta zaintza lanak ezinbestekoak ziren pandemia aurretik eta badira ondoren ere, herritar asko eta askoren zaintza eta bizitzak sostengatu ahal izateko”.
Hau guztiagatik, ELAren Berdintasun arduradunak argi dauka. “ELArentzat 2021eko martxoaren 8 honetan hamaika emakume izan daitezke urteko protagonistak. Horiei denei egin nahi diegu aitortza hau. Urtebete igarota, sindikatuan uste dugu ezinbestekoa dela borrokan jarraitzea, mobilizazioei eustea, kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoaren alde; hori izan da zaintza sektoreko greben helburua: 2020ko azaroaren 17an, eta aurtengo urtarrilaren 26an eta martxoaren 4an. Borroka horretan, eta etorriko direnetan, emakumeok, sindikalismo feministatik, baita etxeetan eta kaleetan ere, borrokaren lehen lerroan izango gara!”.