GREBA FEMINISTA OROKORRA
Dirua hiru proiektu sozialetara bideratuko du ELAk

2023ko azaroaren 30a greba feminista orokorra izan zen Hego Euskal Herrian. ELAko langile eta soldatapeko guztiek greba egin zuten egun horretan. Greba orokor guztietan gertatzen den bezala, sindikatuak egun horretan langileek kobratu ez zuten nominaren zatia ekimen ezberdinetara bideratuko du. Oraingoan, hiru izan dira ELAk diruz babestea proposatu dituen ekimenak.
- Gernika-Palestina plataforma eta bereziki Mundubat ekimenak sustatzen dituen proiektuak: Mundubat erakundeak azken hilabeteetako erasoa baino lehen hainbat proiektu zituen Gazan; horietako bat emakumeen ahalduntzean zentratzen zen. Horretarako baldintzak dauden unean Mundubat elkarteak proiektu hau berriz ere martxan jartzeko asmoa du. (15.000 euro)
- Ecuador Etxea: Ecuador etxea Bilbo eta inguruko herrietako komunikabidea da. Ekimena duela 16 urte sortu zen, eta egiten duten lana kaleari oso lotuta dago, bereziki mugimendu sozialak eta feministak oinarri hartuta. Eraldaketa soziala dute helburu. (10.000 euro).
- Amillubi: Amillubi proiektua elikadura burujabetzarekin lotutako proiektua da Zestoan. Lurra ondasun kolektibo bilakatzeko asmoarekin abiatu dute proiektua, agroekologia eta lurraren babesa defendatzeko. Baserritarren biziraupena (esfortzu berezia eginez emakume baserritarretan) eta lurraren defentsa da helburu. (10.000 euro)