ELA kalera aterako da otsailaren 22an soldata arrakala salatzeko

2022/02/18
Otsailaren 22a Soldata Arrakalaren aurkako eguna da. Hori dela-eta ELAk soldata arrakalaren aurkako mobilizazioa antolatu du Bilbon (10:00, Albia Lorategiak). ELAk argi dauka sindikalismo feminista dela arazo larri honekin amaitzeko bide bakarra. Horregatik ELAk soldata-arrakala hizpide eta aldarrikapen nagusi duten borroka sindikal asko ditu piztuta: Gipuzkoako Aldundiaren eraikinetako garbitzaileak; Deustuko unibertsitateko garbitzaileak; Bermeon 2021eko irailetik greban dauden udal garbitzaileak; 250 greba egunetik gora daramatzaten Guggenheimeko garbitzaileak; berriki greban hasi diren Bizkaiko Epaitegietako garbitzaileak...

Zuriketa morerako politikak oso bogan egonda ere (berdintasun tresna teknikoak, “adituek” egindako auditoretzak, diagnostiko eta datuen analisi sakona…) oraindik ere beldurgarriak dira soldata arrakalaren datuak: EAEn %24,2koa da arrakala orokorra eta Nafarroan 28,8koa. Hortaz, gatazka sindikal feministak dira genero arrakala ezberdinen eta administrazioaren utzikeriaren kontrako txertorik onena.