ELA, LAB, Steilas, ESK, CGT, CNT, EHNE eta Hiru-k M8ko 24 orduko greba feminista erregistratu dute

Maria Baldak (ELA) M8ko greba orokorrean lan merkatu arautuan emakumeek egingo duten plantoaren xehetasunak plazaratu ditu:
- Biztanleriaren eta langileen erdiari zuzendutako greba orokorra izango da.
- Enpleguan ere badaude milaka arrazoi emakumeok greba egiteko, guk sufritzen ditugulako prekarietatea eta diskriminazio egoera gordinenak: behin-behinekotasuna, kontratu partzialak, soldata arrakala (emakumeok gizonezkoek baino %24 gutxiago irabazten dugu)…
- Martxoaren 8an zaintza lanak ere erdigunera ekarri nahi ditugu, eta lan hauei dagokien aitortza politiko, sozial eta ekonomikoa ematea aldarrikatuko dugu, sistema honek ez baitu funtzionatzen emakumeok musutruk egiten ditugun zaintza lanik gabe.
- Martxoak 8an emakumeok planto egingo dugu lantoki eta etxeetan, kalera aterako gara beste eredu baten alde, bizitzak erdiguneak jarriko dituen eredu baten alde, eta horretarako, borroka sindikala eta feminista esku-hartuta joango dira.