Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa

ELAk Atarrabian egindako jardunaldietan parte hartu du, eta justizia feminista garatzeko beharraz hausnartu da

2025/01/24

300 emakumetik gora bildu ditu Emakumeen Mundu Martxak `Indarkeria Matxista Jakean´ lelopean, Atarrabian (Nafarroa), egindako jardunaldietan. Bertan indarkeria matxistak izan dituzte hizpide, besteak beste, gaur egun indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeek instituzioetan eta epaitegietan aurkitzen dituzten oztopoen aurrean alternatibak bilatzeko beharraz eta besteak beste `justizia feminista´ garatzeko beharraz. Hau da, instituzioetan eta epaitegietan emakumeok aurkitzen ditugun zailtasunen aurrean zein tresna garatu daitezke? Zer behar dute biktimek erreparatuta sentitzeko? Zeintzuk dira balizko `justizia feminista´ horrek izan beharko lituzkeen ezaugarriak?

Goizeko mahai inguruan galdera hauen bueltan aritu dira eta ondorioztatu dute autodefentsa feminista bera badela justizia feminista garatzeko tresna. Guzti horretaz aritu dira hasierako hitzartzeetan Laura Atienza eta Bego Zabala abokatuak, zein Gazte Mugimendu Feministako kideak.

Bigarren mahai-inguru baten esperientzia zehatzak jorratu dituzte. Horretarako, dagoeneko martxan dauden egitasmo desberdinak azaleratu dituzte eta bidean aurkitutako oztopoak, eta batez ere ikasketak, azaleratu dituzte. Bertan parte hartu dute Sos Arrazakeria Bizkaiak, Deustu-San Ignazioko Modulo Psikosozialak eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministak.

Bazkal ondoren, Emakumeen Mundu Martxak erailketa matxisten aurrean aktibatzen duen protokoloa berrikusteko lanketa egiten dute. Horretarako taldeetan banatu dira, eta besteak beste, protokolo horren inpaktua, eragiteko gaitasuna edota instituzioak interpelatzeko tresna gisa betetzen duen funtzioa aztertu dute.

Azkenik, gogorazi dute aurten nazioarteko ekintza ospatuko duela Emakumeen Mundu Martxak martxotik aurrera eta Euskal Herrian ere hau lurreratzeko egitasmoak aurreikusten dituztela datozen hilabeteetan. Ekainaren 13-15 bitartean Marsellan amaiera emango zaio krisi ekosoziala, migrazioak eta indarkeriak ardatz izango dituen VI nazioarteko ekintza horri eta mugimendu feministari bertara gerturatzeko gonbidapena luzatu zaio.