ELAk Auzitegi Gorenean epai bat irabazi du: haurdun dagoen emakumeak ezin du diskriminaziorik jasan

2018/03/08
Auzitegi Gorenak, 2018ko otsailaren 26an eman duen epaian, arrazoia eman dio Osakidetzako erizain bati, zeinak bere kontratua zein amatasun prestazioa galdu zuen Lan Ikuskaritzak eta Gizarte Segurantzako Altxortegi Nagusiak bere altari iritzi ziotelako lege-iruzurrean egina zegoela. Langilea Osakidetzako aldi baterako kontratazio zerrendetatik deitu zuten, baina haurdun zegoenez eta arrisku egoeran, ezin izan zuen lanik egin; Altxortegiak Gizarte Segurantzan emandako alta deuseztatu egin zuen.

Gorenak dioenez, “uste izatea haurdun dagoen emakumea, arrisku egoeran dagoenean, ez dagoela kontratatzerik, aurrez lanean hasi behar zuelako, haurdun dagoen emakume bat lan-poltsa batean integratzeko aukera ukatzea bezala da (…) honek agerian uzten du sexuagatiko diskriminazio egoera, hasieratik eragozten baitzaio lan egiteko aukera, horrela emakumea desabantaila egoeran kokatzen delarik oro har amatasunarekin lotutako arriskuengatik, eta bereziki haurdunaldiaren inguruan”.

ELAk oso ondo deritzo epai honi; ebazpenak zuzenean interpelatzen ditu herri-administrazioak, bereziki Osakidetza, hauek sustatu behar baitute berdintasun formala ez ezik benetako eta zinezko berdintasuna, emakumeak amatasuna medio desabantaila izatea galaraziz.

Gogoratu beharra dago 2017ko ekainetik hona ELAk ez duela parte hartu Osakidetzako berdintasunaren mahaian. Negoziazioan parte hartzeko baldintza sindikatuarentzat da Osakidetzak berehala neurriak hartzea haurdun dauden emakumeak eta erdiberriak kontratatzeko aukera izatea.

Gure ustez, epai honen ondoren argi geratu da ez dagoela aitzakiarik eta Osakidetzak kontratazio politika bat egin behar duela zeinak ez dituen emakumeak diskriminatuko. Esan beharra dago diskriminazio hori are larriagoa dela kontutan izanez gero Osakidetzako langileen %79 emakumeak direla.