Zaintzaren Herria

ELAk dei egin du azaroaren 30ean Mugimendu Feministak antolatutako ekimenean parte hartzera, zaintzen inguruan hausnartzeko

2024/11/27
2023ko azaroaren 30ean egindako greba orokor feministaren urteurrenarekin bat eginez, Euskal Herriko mugimendu feministak zaintzen inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko ekitaldia egingo du larunbat honetan Bilbon, `Zaintzaren Herria´ lelopean. Ekimena hainbat eragile sozial eta sindikalekin batera egingo da, horien artean ELArekin. Hausnarketa eta gozamen kolektiborako gunea izan nahi du ekimenak, zaintzarako eskubide kolektiboan aurrera egiten lagunduko duten proposamenak egiteko espazioa, hain zuzen ere. Horretarako, besteak beste, mahai-inguru bat antolatu dute eta bertan parte hartuko dute Miren Aranguren, Amaia Perez Orozco, Arantza Urkaregi eta Mari Luz Esteban hizlariek. 18:00etan manifestazioa egingo da udaletxetik abiatuta.

Mugimendu Feministak zaintza sistema publiko-komunitario baten alde egiten du, egungo eredu familiarizatua, arrazializatua eta prekarizatua errotik aldatzeko. 2024ko ekainean egindako aurkezpenean salatu zutenez, arduradun politikoek ez dituzte aintzat hartu mugimendu feministak greba orokor feministan egindako eskaerak. "Hego Euskal Herriko gobernuek izaera politikoa kendu diete zaintzei. Etengabe ari dira zaintzei buruz hitz egiten, negozioa egiten jarraitzen duten bitartean, batez ere zaintza sistema pribatu baten alde egiten dutenean", adierazi zuten orduan.
Salatu zutenez, Bilbo negozioaren hiri bihurtu da, "hiri pribatizatua, espekulazioari, turismoari eta gutxi batzuen irabaziei bideratutra; zementua pertsonen beharren gainetik jartzen duen hiria bilakatu da, kexu ziren.
Horregatik guztiagatik, Zaintzaren Herrian parte hartzera deitu dute, Bizkaian ez ezezik,

Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan egingo diren jardueretan.