ELAk denontzako zaintza publikoa exijituko du Martxoaren 8an

2022/02/23
Aurtengo Martxoaren 8an, mugimendu feministaren aldarrikapenekin bat eginez, ELAk denontzako zaintza publikoa aldarrikatuko du. Horretarako, eta zaintzak aurpegi eta ertz asko dituela jakinda ere, sektore jakin batzuetan pairatzen den prekaritatean zentratuko da sindikatua. Izan ere, soldatapeko zaintza lanak eta zerbitzu sozialak gainbeheran doaz, agintariek azpikontratazioaren eta pribatizazioen aldeko apustua egin dutelako. Datuak dira horren erakusle: gaur egun, enpresa pribatuek kudeatzen dituzte EAEko zahar egoitzen %85 baino gehiago; Nafarroan, berriz, %75etik gora.

Zaintza izango da, beraz, ELAren ardatz nagusia Martxoaren 8an. Horretarako sindikatuak ekitaldi bat antolatu du Donostiako Kursaalean, 10:00tan. Lehendabizi Amaia Perez de Orozkok Euskal Herriko zaintza sistemaz hausnartuko du; ondoren, zaintza esparru ezberdinetako langileak mintzatuko dira. 12:00tan manifestazio batek Donostiako kale nagusiak zeharkatuko ditu. Arratsaldean, berriz, ELAk bat egingo du mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin.

ELAren aldarrikapenak.

Zaintza eskubidea baino, negozio bilakatu da: Enpresa pribatuen etekinak lehenesten dira, Administrazioen utzikeria eta laguntzarekin.

Silver economy: Bizi itxaropena handitu ahala, adineko jendea “zaintzeko” negozioak gora egingo du. ‘Putre funtsak’ ere diru gose dira eta zahar egoitza askoren jabeak dira.

Zaintzaileen prekarizazioa bultzatzen da: Langile asko ez dira 1.300 euroko soldatara ere iristen. Hori gutxi balitz, lanaldi partzialak, behin-behinekotasuna, kalte psikosozial eta emozionala… ohiko arazoak dira esentzialak diren sektore hauetan.

Lan baldintzak duindu eta kalitatezko zerbitzua eskaini: Aldarrikapen hau ez da sektoriala, zerbitzuen kalitatean eta erabiltzaileen bizitzengan eragin zuzena baitu.

Etxeko langileen eskubideak ere bermatu: Haien lana ikusezinagoa izanik, behin eta berriro ukatzen zaizkie soldatapeko langileen lan eskubideak.

Langile arrazializatuak nagusi: Langile asko arrazializatuak dira, eta instituzio zein enpresak horretaz baliatzen dira lan baldintzak prekarizatzeko. Egoera zaurgarrian direla aprobetxatuz, euren kontura negozioa egiten dute.

Ez digute ezer oparitu! Zaintza profesionalizatuta dagoen sektoreetan greba ugari sustatzen ari gara. Egoera larria da eta instituzioek onartzen dute langileek baldintza prekarioak izatea. Eurak dira zaintza zerbitzu hauen kudeatzaileak, beraz, gatazka hauen erantzule.