EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA-MARTXOAK 8

ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio etxeko langileei aplika diezaiela etxez etxeko laguntza zerbitzuko hitzarmena

2024/03/06
Langileen Estatutuak bide hori ahalbideratzen du 30.000 langile baino gehiagoren lan balditzei legezko estaldura emateko

ELAk etxeko langileen egoera aukeratu du aldarrikapen nagusitzat martxoaren 8rako. ELAk Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldi konfederala egingo du Gasteizko Europa Jauregian. Bertan, hizlari izango da Isabel Otxoa, ATH-ELEko (Etxeko Langileen Elkartea) ordezkaria eta etxeko zein etxez etxeko zerbitzuko langileek ere parte hartuko dute solasaldian. ELAk 2024rako aukeratu duen leloa "Etxea lantokia denean; Convenio para todas. Ekiparazioa" da, ekitaldiaren ostean Gasteizko kaleetatik egingo den manifestazioan erabiliko dena (12:00h).

ELAren aldarrikapen nagusia etxeko langileei antzeko beste sektore batzuetako Hitzarmen Kolektiboa aplikatzea da, hala nola etxez etxeko zerbitzua edo garbikuntza sektorekoa. Horretarako, ELAk Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Lan Sailean erregistratu du Langileen Estatutuaren 92. artikulua aplikatzeko eskaera. Artikulu horren babesean, indarrean dagoen Hitzarmen Kolektibo bat etxeko enpleguko langileei zabaltzea eskatzen da, eremu horretan ezin delako hitzarmen kolektibo bat sinatu, horretarako legitimazioa duen alderdirik ez dagoelako. Beraz, ELAk Bizkaiko etxez etxeko zerbitzuaren hitzarmena eskatu du EAEko etxeko langileentzat eta Nafarroako langileentzat Nafarroako garbikuntzaren hitzarmena.

Hego Euskal Herrian, 35.000 etxeko langile inguru daude. Sektore oso prekarioa da, arrazoi askorengatik; tradizioz gizarteak gutxi baloratzen dituen lanak dira, eta emakumeek doan egin ohi dituzte: askotan emakume migratuek egiten dituzten lanak dira, beste lan aukerarik ez dutenak. Hori gertatzen da zaintza sistema publiko eta unibertsalik ez dagoelako, eta, azkenik, etxeko enpleguan sindikatua antolatzea ia ezinezkoa delako, langileek ez baitute modurik euren baldintzak modu kolektiboan negoziatzeko.

Gasteizko eta Iruñeko udalek, aldundiek eta gobernuek kolektibo horren gaineko erantzukizuna dute, bertara jotzen baita mendekotasuna duten pertsonen beharrak estaltzeko sistema publikorik ez dagoelako. Hori dela eta, unea da administrazioek erantzukizuna beren gain hartzeko eta kolektibo horrek lan baldintzetarako estaldura lortzeko legezko aukerari bide emateko, indarrean dauden sektoreko hitzarmenak aplikatuz.