Emakumeen Mundu Martxako VI. Nazioarteko Ekintza

ELAk gerra eta kapitalismoaren kontrako borroka eramango ditu Marseillara

2025/06/12
ELAk parte hartuko ekainaren 13tik 15era Emakumeen Mundu Martxako VI. Nazioarteko Ekintzan, “Herrien burujabetza eta bizitza duina. Gerra eta kapitalismoaren kontra” lelopean. Aurten Marseillan burutuko den ekintza honek hiru gai nagusi jorratuko ditu: gerra, lurraren defentsa eta migrazio-politikak.

Euskal Herrian ere, dinamika hau lurreratzeko ahalegin berezia egin da. Horren erakusgarri dira maiatzaren 9an egindako ekintza sindikala, eta maiatzaren 10eko egunean Euskal Herriko hainbat herritan burututako ekintza ezberdinak. ELAk bi egun horietan ere parte hartu du modu aktiboan.

ELAren parte-hartzea ez da egun puntual batzuetara mugatzen. Gure sindikatuaren konpromisoa feminismoarekin eta herrien burujabetzarekin etengabeko borroka baten parte da .Horregatik, ELA Marseillako ekintzan izango da, Euskal Herriko borroka feminista eta sindikalak nazioarteko testuinguruarekin lotzeko, eta parte hartzen ari garen prozesuari jarraipena emateko.