ELAk Harrotasunaren izaera politiko eta aldarrikatzailea berreskuratzea defendatzen du
Hala ere, azken urteotan gero eta nabarmenagoa da Harrotasunaren instituzionalizazio eta merkantilizazio prozesua. Gero eta gehiago dira Harrotasuna turismoarekin eta kontsumoarekin lotzen duten ekimenak. Bilbo Bizkaia Harro bezalako ekimenak joera horren adibide dira, baina ez bakarrak: gero eta ohikoagoak dira "gay friendly" marketin kanpainak edo Harrotasuna negozio aukera bihurtzen duten ekimen pribatuak. Ondorioz, LGTBI pertsonen eskubide eta aldarrikapen politikoak bigarren planoan geratzen dira, gure identitateak eta bizipenak produktu komertzial bihurtuz.
Kritika hau ez da berria. ELAk urteak daramatza Harrotasunaren merkantilizazioaren eta instituzionalizazioaren aurrean jarrera kritikoa defendatzen. Sindikatu gisa, argi dugu LGTBI pertsonen askapenak ezin duela merkatuaren logikaren menpe egon. Lan mundua oraindik ere ez da espazio segurua LGTBI langile askorentzat; diskriminazioa, indarkeria, prekaritatea eta ikusezintasuna eguneroko errealitate dira askorentzat. Horregatik, Harrotasuna ez da kontsumorako jaialdi hutsa; langile klasearen eskubideen, berdintasunaren eta bizitza duinen aldeko aldarrikapen politikoa ere bada.
Harrotasuna ez da marketin tresna bat, sexu-genero disidentzien, duintasun eta askatasunaren aldeko borrokaren adierazpena baizik. Horregatik, ezinbestekoa da haren esanahi politikoa zaintzea eta LGTBI pertsonen errealitateak eta aldarrikapenak erdigunean mantentzea, merkatuaren interesen gainetik.
Horregatik, dei egiten dugu ekainaren 28an kaleak hartuz mobilizazioetan parte hartzera:
Bilbo: ekainak 28, igandea, 17:00etan, Indautxuko plazan.
Donostia:ekainak 28, igandea, 12:00etan, Boulebarretik.
Gasteiz: ekainak 28, igandea, 12:00etan, Andra Mari plazatik.
Iruñea: ekainak 28, igandea, 12:00etan, Baluartetik