ELAk zaintzak erdigunean jartzea eta sektore publikoa indartzea eskatu du, krisiari irtenbide justua emateko

ELAk ezinbestekotzat jotzen du eredu ekonomiko feminista eta ekologista baterantz bidea egitea, bizitzak, zaintzak eta ingurumena erdigunean jarriko dituena, "esparru ekonomiko nagusietan nagusitzen den ikuspegi produktibista, merkantilizatua eta espekulatiboa alde batera utzita". Hori, salatu dutenez, urrun dago oraindik. Izan ere, krisi honetatik ateratzeko gaur egun planteatzen ari diren neurriek 2008an jarraitu zen ibilbide neoliberalaren eredu berari erantzuten diotela ziurtatzen dute: austeritate-politikak, zerbitzu publikoen murrizketak fiskalitatea aldatzen ez den bitartean... "Eta badakigu zer ondorio izango dituen egungo errezeta berberak aplikatzeak: pobrezia eta prekarietatea gero eta feminizatuagoak izango dira, genero-rolak indartuko dira eta indarkeria matxista, LGTBIfobikoak eta arrazista ere indartuko dira, denboraren, lanaren eta aberastasunaren banaketa bidegabeagoa egingo da..."
Gauzak iraultzeko asmoz neurri zehatzak aurkeztu dituzte, besteak beste, honako hauek:
Bizitzeko behar materialak bete: diru-sarrera nahikoak eta etxebizitza eskubidea bermatu
- 1.200 euroko gutxieneko soldata.
- COVID-19aren ondoriozko ERTEetan soldatak %100eraino osatu.
- Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala gainditu, maskulinizatutako eta feminizatutako sektore baliokideetan ematen diren soldata arrakalak ezabatuz.
- Pentsioak hileko 1.080 euroraino osatu, honela gizon eta emakumeen arteko pentsio arrakala murriztuz.
- Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) eta Errenta Bermatuaren (EB) zenbatekoa Lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS)aren %100arekin parekatu (1.108 euro, 12 pagatan) bakarrik bizi direnentzat; %50 gehitu bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko.
- LGS adineko gutxieneko diru-sarrerak bermatu langabe guztiei. Honek pertsona bakoitzarentzat gutxieneko diru sarrera indibidualak bermatuko lituzke, ez familia unitatearen araberakoak.
- Alokairu sozialeko etxebizitza bat eta oinarrizko ondasunak izateko eskubide subjektiboa bermatu. Alokairuaren prezioa mugatu. Emakumeok gara (areago monomarentalak, arrazializatuak...) pobrezia egoeran gaudenak (etxegabetzeen inguruko datuak ere ondo leudeke), eta beraz, etxebizitza bat izateko aukera zailtzen zaigunak.
Bizitza zein zaintza erdigunean kokatu
- Gizarte Zerbitzuei buruzko legeetan eskubide subjektiboa aitortu mendekotasun egoera guztiak sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezko baten estaldura izan dezaten.
- Etxeko langileen eskubideak parekatu gainerako langileek dituztenekiko (Gizarte Segurantzako erregimen orokorra, langileen estatutua eta lan osasunari dagokienez). Atzerritartasun legea bertan behera utzi; pertsona guztien erregularizazio administratiborantz jo, erroldatzeko aukera bermatuz.
- Lanaldia gutxienez 35 ordura murriztea exijitzen dugu. Zaintzaren erantzunkidetasuna bultzatuko duen neurri garrantzitsua litzateke lanpostu gehiago sortzeko aukerarekin batera.
- Kontziliazio eskubiderako neurri legalak areagotu.
- Etxean egin beharreko lanetan denbora berrantolatu eta erantzukidetasunez jokatu.
Arlo publikoa sendotu
- Dependentzia egoerak kubritzeko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakora bidean administrazioek 10.000 lanpostu sortzea.
- Hiru urteko epean osasunean eta hezkuntzan Europako batez besteko mailarekiko dagoen defizita gainditu.
- 0- 3 urte arteko hezkuntza doan.
- EAEko eta Nafarroako administrazioetan aldi baterako kontratua duten langile guztien enplegua finkatu. Administrazioan ere, behin behinekotasunak eta prekaritateak emakume aurpegia dauka, gero eta sektore feminizatuagoa izanik gorantz egiten baitute biek.
- Sektore azpikontratatuak publifikatu: zahar-etxeak, etxez etxeko arreta, anbulantziak, garbitasuna... subrogazioa eta enplegu finkatua bermatuz.
Hori guztia lortzeko diru-sarrera publikoak handitu behar direla adierazi dute, eta horrek erreforma fiskala egitea eskatzen duena ezinbestean, aurkeztutako dokumentuan jasota gertatu den bezala. Hala, ELAk eskatu du aberastasun handien eta ondare-aberastasunaren gaineko zerga pixkanaka handitzeko, %1 eta % 10 arteko errekargu espezifiko baten bidez, edo Sozietateen gaineko Zergaren aitorpenean %20ko errekargu berezi baten bidez, besteak beste. "Aberastasuna modu bidezkoagoan banatzea bilatzen duen zerga-sistema eraldatzea eskatzen dugunean, hori ere egiten dugu, horrek eragin positibo zuzena duelako emakumeen bizitzetan. Izan ere, sektore publikoari diru-sarrerak ematea eta aurrekontu sozial, feminista, ekologiko, parte-hartzaile eta, azken batean, bidezkoago bihurtzea lagungarria izango da aberastasunaren banaketa bidezkoagoa egiteko klase- eta genero-ikuspegitik begiratuta ere".