ELAren ustez Berdintasun Legea hankamotz geratu da ez diolako emakume langileen ahotsari erreparatu

Bide beretik, ELAren hitzetan kontraesana da berdintasun arauak proposatzea, funtsezkoak diren eta publikoak izan beharko luketen sektoreetan Administrazio Publikoak berak langileak azpikontratatzen dituenean, prekarizazioan sakonduz. Izan ere, soldata arrakala enpresa pribatuetan ez ezik, administrazio publikoan ere birsortzen ari da, are gehiago, Administrazio Publikoek zerbitzuak azpikontratatzen dituztenean, zaintza sektorean gertatzen ari den bezala.
Ildo horretan, ezinbestekotzat jo du publifikaziorako bidean urratsak egitea, beti ere, langileen subrogazioa bermatuz, gizartearentzat funtsezkoak diren zerbitzuak enpresa pribatuen eskuetan utzi ordez, erresidentzietan gertatzen ari den bezala. Soldata arrakalaren adibide dira ere garbikuntzako langileak.
Sindikatuak argi dauka negoziazio kolektibotik egunero egiten zaiela aurre genero-arrakalei. Horregatik, hain zuzen, iruditzen zaio aukera paregabea galdu dela lege honen lanketan sindikatuen ahotsa ez delako aintzat hartu. “Sindikatuok, eta batez ere, emakume langileek lantokietan egunero pairatzen dute genero-diskriminazioa eta soldata-arrakala. Beraien esperientzia eta errealitatetik abiatu beharko ginateke politika publikoak eta lege berriak garatzeko orduan”.
Aurrekoaren ildotik, ELAk bi eskakizun zuzen egin dizkio Eusko Jaurlaritzari: lehenik eta behin, Administrazio Publikoan eta azpikontratazio guztietan soldata erregistroak eta soldata auditoriak egitea, informazio osoa langileen ordezkarien eskura jarriz eta dagozkion baliabide material, ekonomiko eta pertsonalak eskainiz; eta bigarrenik, enpresa batean edo Administrazio Publikoan berdintasun plan bat ezarri nahi bada, sindikatuekin negoziatzea eta langileen ordezkariekin akordioa erdiestea ezinbesteko baldintza izan dadila plan hori abian jartzeko, alegia, negoziazioa ez ezik, akordioa egotea arau izatea.