Emakumeontzako pentsio propioen alde maiatzaren 26ko pentsionisten manifestazioarekin bat egitera deitu du Emakumeen Mundu Martxak

2018/05/23
Emakumeontzako pentsio duin eta propioen aldeko mezu argia luzatu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren aurrean egindako kontzentrazioan. Bizitza osoa lanean pasa eta gero, pentsio propioa jasotzeko eskubidea aitortua ez duten emakumeen errealitatea salatzeko asmoz, maiatzaren 26rako Euskal Herriko pentsionisten mugimenduak deitutako manifestazioarekin bat egiteko deia luzatu dute.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren oharra:

Bizitza osoa lanean pasa ondoren, lan honek guztiak ez du ezertarako balio: ez dizu eskubiderik ematen. Eskubideak dituzu, egia da. Zerbitzu publikoak erabili ditzakezu, herritarra zarelako. Dirulanguntzak eskatu ahal dituzu, bazterketa sozialaren arriskuan bizi zarelako. Baina ez duzu eskubiderik sortu langile izan zarelako. Langilea izan zara, bizitza osoan, baina zure lanak ez du pentsio eskubidea lortzeko balio. Ez duzu kotizatu, lan egin arren, eta zure lana bizitzarentzat ezinbestekoa izan arren.

Emakumeok asko borrokatu dugu lan merkatuan sartu ahal izateko; enplegu bat izateko. Borroka horren emaitza da emakumeok, behingoz, pentsio baterako eskubidea lortzea. Pentsio propioa, soldatapeko lanaren emaitza da, eta ez ezkontzean lortzen duguna. Pentsioa askoz ere txikiagoa da, ordea, kotizatu duzu, bai, baina gutxiago: soldata txikiago zelako, zaintza ardurek lan merkatutik ateratzera behartu zaituztelako, edo kontratu partzialekin lan egitea beste aukerarik izan ez duzulako, besteak beste.

Feminismoak milaka eta milaka emakume atera zituen kalera Martxoaren 8an, ikusezinak eta bigarren mailakoak egiten gaituen sistema hau aldatzera goazela ozen esatera. Pentsionistak astero ateratzen ari dira sistema honek jubilazio duin baterako duten eskubidea lapurtu nahi dielako. Bidelagun ikusten ditugu mobilizazioaren bidez aldaketak lortu ahal direla sinesten dugulako, mobilizazioaren bidez egin ditugulako ikusgarriak sistema kapitalista heteropatriarkal honek ezkutatu nahi dituen egoera bidegabeak.

Martxoaren 8an kalera atera ziren emakumeei dei egiten diegu maiatzaren 26an ere kalera ateratzeko, pentsionisten mugimenduarekin bat egitera.

  • Emakumeon lana aitortzea eta eskubide iturri bihurtzea izango da pentsio duin bat ziurtatzeko bidea. Borroka konpartitzen dugu!

  • Soldata arrakalaren arrazoiak gaindituz emakumeon lan eskubide guztiak ziurtatzea izango da pentsioak hobetzeko biderik emankorrena. Borrokan bat egiteko arrazoiak baditugu!

  • Pertsonak politiken erdigunean jartzea izango da bizitza duin baterako aukerak ziurtatuko diguna, izan umeak, gazteak, helduak edo zaharrak.

Sistema hau ez badago bizitza duinak ziurtatzeko prestatuta, adaltu dezagun sistema. Arazoa ez gara gu, ez dira gure pentsioak. Arazoa sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta kolonialista da. Hau dela eta, euskal instituzioei exijitzen diegu, legez, pentsio duin propioak izateko eskubidea bermatzeko bitartekoak sortu ditzatela, eta euskal pentsio publikoaren aldeko apustua egin dezatela.

Borroka berdina konpartitzen dugulako, maiatzaren 26an, bizitza duinaren alde, emakumeok ere KALERA!