Etxeko langileen baldintzak arautuko dituen Errege Dekretuak kanpoan utziko ditu milaka langile migratu

2022/09/07
ELAren ustez, Errege Lege Dekretuak ez ditu ezabatuko langile horiek jasaten dituzten prekarizazio elementu asko eta kanpoan utziko ditu langile migratu asko. "Bazen garaia sektore hau arautzeko, feminizatua, prekarizatua eta, hein handi batean, arrazializatua dagoena. Positiboa da hori; hala ere, anbizio txikikoa da Dekretua".

Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo, irailak 5, onartu zuen etxeko langileen gizarte segurantza eta lan baldintzak hobetzeko Errege Lege Dekretua; emakumeen aurkako diskriminazioa betikotzen zuen arau historikoa aldatu zuen. ELAk positibotzat jo du sektore feminizatu, prekarizatu eta hein handi batean arrazializatu hori arautzeko urratsak egin izana. Hala ere, gogorarazi du dekretuarekin ez direla amaituko emakume langile horiek jasaten dituzten baldintza prekarioak.

  • Etxeko langileak, Euskal Herrian 34.000 inguru, ez dira parekatuko Erregimen Orokorreko langileekin 2024ko urtarrilaren lehena arte (2023rako zegoen aurreikusita parekatzea).
  • Etxeko langileek langabeziagatik eta FOGASArako kotizatu ahal izango dute urriaren 1etik aurrera. Hala ere, ez dira ordaintzen hasiko Erregimen Orokorreko kotizazio epeak bete arte. Gainera, kotizazioak %6,05ekoak izango dira (horren %5 ordainduko du enplegatzaileak eta %1,05 langileak); gainerako langileen kotizazioa %7,05ekoa da.

  • Era berean, langile bat inolako arrazoirik gabe kaleratzea ahalbidetzen zuen neurria bertan behera utzi da. Hala ere, langile horien kaleratzeak oso merke izaten jarraituko du, bakarrik ordaindu beharko zaielako lan egindako urte bakoitzeko 12 eguneko kalte ordaina; kasu batzuetan, soilik hilabeteko soldata. Gainontzeko langileen kasuan, berriz, aldi baterako kontratu bat deuseztatzean, 20 eguneko kalte ordaina ordaindu behar zaie.

  • Positiboki baloratzen dugu honako aukera hau kendu izana: langileak hilean 60 ordu baino gutxiago lan egiten badu, Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeko ardura izateari utziko dio.

  • Gobernuak konpromisoa hartu du genero ikuspegia txertatzeko gaixotasun profesionalen koadroan. ELAren ustez, ordea, Errege Dekretuan sartu beharreko edukia zen.

“Zalantzarik gabe, Errege Dekretuak Hego Euskal Herriko langileen lan baldintzak hobetuko ditu, baina guztiz eskasa da, ez dituelako gainerako langileekin parekatzen. Sektore horrek prekarioa izaten jarraituko du; soldata arrakala betikotuko du eta nagusi izango dira soldata txikiak, lanaldi amaigabeak, negoziazio kolektiborako eskubide falta...”, kexu da.

ELAk bereziki nabarmendu du etxe barruko langileen egoera, kasu askotan ez dutelako erregularizatuta euren egoera administratiboa. Sindikatuaren ustez, migratzaileak erregularizatzeko urratsak egin beharko lirateke, gainerako pertsonen eskubide berberekin bizi eta lan egin ahal izateko. “Ez da nahikoa merkatuak funtzionatzen jarraitu ahal izateko langileen erregularizazioak egitea. Giza eskubideen auzia da, eta bat dator Estatuan bultzatu den eta ELAk bat egin duen #RegularizaciónYA HELarekin”.

ELAk nabarmendu du sistema publikoaren gabeziak daudela zaintza sektoreko langileen baldintza prekarioen oinarrian. Horregatik, zaintza sistema publikoa, doakoa, duina eta kalitatezkoa aldarrikatu du.

Horregatik guztiagatik, langile horien eskubideak defendatzeko lanean jarraituko duela azpimarratu du, gainerako sindikatu eta etxeko langileen elkarteekin batera. “Borroka kolektiboak indartzeko unea da erronka sindikal feminista honi aurre egiteko”.