Martxoak 8
Etxeko langileen prekarizazioa salatu du ELAk Gasteizen egindako ekitaldi konfederalean

Ekitaldian entzun diren testigantzek agerian utzi dute etxeko langileen egoera larria. Rebeca Mesak 18 urte daramatza Errenteriako Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuan lanean, eta azken hiru urteetan etxeko langile gisa ere dihardu. "Bost pertsona bost etxetan artatzen ditut, eta joan-etorriak gure kontura dira. Gure lanak guztia barne hartzen du: garbiketa, sukaldea, izapide administratiboak... ", dio Mesak. "Lan hau polita izan daiteke, baina etxe batean lan egiteak oso zaurgarri egiten gaitu. Zerbait desagertzen bada, lapurretaren lehen susmagarriak gara, eta jazarpen kasu asko daude, baita sexu jazarpena ere".
Maria Teresa Guzmanek, 12 urtez etxeko langile gisa lan egindakoak, "etxeko langile internoen lana indargabetzea" eskatu du, "esklabotza delako", eta profesional horiek pairatzen duten arrazakeria salatu du. "Migratzaile gisa ikusten gaituzte, eta premiagatik agintzen diguten lan guztia egin behar dugu, horrela esplotatzen gaituzte. Pertsona gisa begiratzea aldarrikatzen dut, ez migratzaile gisa ". Horregatik, etxeko lanen zerbitzua publifikatzea eskatu du.
Isabel Otxoak nabarmendu du langile horiei ezartzen zaien erregimen berezia, astean 60 ordu baino gehiagoko lanaldiekin eta inolako kontrolik gabe. Emakumezko langile asko, gainera, egoera irregularrean daude, eta horrek are gehiago zailtzen du haien egoera. Horregatik, langile izaera aitortzea eta etxeko enplegua arautzea eskatu du.
Errealitate horren aurrean, ELAk etxeko langileentzat egiten duen aldarrikapen nagusia da antzeko beste sektore batzuetako Hitzarmen Kolektibo bat aplikatzea, hala nola Etxez Etxeko Zerbitzua edo Garbiketa sektorekoa. Horretarako, ELAk Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Lan Sailean erregistratu du Langileen Estatutuaren 92. artikulua aplikatzeko eskaera. Artikulu horren babesean, indarrean dagoen Hitzarmen Kolektibo bat etxeko enpleguko langileei zabaltzea eskatzen da, eremu horretan ezin delako hitzarmen kolektibo bat sinatu, horretarako legitimazioa duen alderdirik ez dagoelako. Beraz, ELAk Bizkaiko etxeko zerbitzuaren hitzarmena eskatu du EAEko etxeko langileentzat eta Nafarroako langileentzat Nafarroako garbiketaren hitzarmena. Eskaera hori egin du ELAk ekitaldian Nahia Fernandez sindikatuko kidearen ahotik.
Hego Euskal Herrian, 35.000 etxeko langile inguru daude. “Sektore oso prekarioa da, arrazoi askorengatik; tradizioz gizarteak gutxi baloratzen dituen lanak dira, eta emakumeek doan egin ohi dituzte: askotan emakume migratuek egiten dituzten lanak dira, beste lan aukerarik ez dutenak”, azpimarratu du Leire Gallego ELAko genero arduradunak manifestazioa abiatu aurretik. “Hori gertatzen da zaintza sistema publiko eta unibertsalik ez dagoelako, eta, azkenik, etxeko enpleguan sindikatua antolatzea ia ezinezkoa delako, langileek ez baitute modurik euren baldintzak modu kolektiboan negoziatzeko. Unea da administrazioek erantzukizuna beren gain hartzeko eta kolektibo horrek lan baldintzetarako estaldura lortzeko legezko aukerari bide emateko, indarrean dauden sektoreko hitzarmenak aplikatuz”.