Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak mobilizaziora deitu du azken erailketa matxistak salatzeko

2019/06/26
Bardozen izandako azken erailketa matxistaren aurrean Hego Euskal Herrian zein Bardozen izango diren mobilizazioetaran parte hartzeko deia luzatu dute.

Astebete bakarrik pasa da Euskal Herrian azken erailketa matxista izan zenetik eta jadanik beste emakume bat bikoteak erail du. Oraingoan ere Lapurdin izan da, Bardozen hain zuzen ere. 72 urteko emakumea tiroz hilik aurkitu dute eta bere ondoan bere 90 urteko senarra ere tiro batez bere buruaz beste eginik. Hau da Euskal Herrian biolentzia matxistak 2003tik hiltzen duen 100. emakumea eta ez dugu onartuko.

Azken urteotan indarkeria matxistaren eta sistema kapitalista patriarkalaren ondorioz emakumeok izugarrizko sufrimendua pairatzen dugu azken muturrean erailtzen gaituztelarik. Honekin amaitu beharra dago, horretarako orain arte bezala Mugimendu Feministan lanean jarraituko dugu jendartea sentsibilizatzen eta biktimei gure babesa eta laguntza eskaitzen. Ez dugu atzera pausorik emango borroka honetan, gure eskubide eta askatasunak ezin dute mugarik izan, indarkeria matxistak ezin du lekurik izan gure gizartean.

Nazkatuta gaude erasotuak eta erailak izateaz! Indarkeria sexitari aurre egiteko lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu.

Emakumeen Mundu Martxatik gogor salatzen dugu Bardozeko erailketa eta Ekainaren 27an Hego Euskal Herrian eta 28an Bardozen egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu! Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, denak aske izan arte.