Eusko Jaurlaritzak propaganda egin nahi du emakumeek pairatzen duten soldata arrakalaren kontura

2018/02/19
ELA ez da joango, soldara arrakalaren inguruan hitz egiteko otsailaren 21erako Jaurlaritzak deitu duen bilerara, baina neurri zehatzak proposatzen ditu Legebiltzarrean onartu zen adierazpen hutsalari benetako edukia emateko. ELAk salatu du emakumeen prekarietateak soldata arrakala sakontzen duela. ELAren iritziz, soldata arrakalaren aurka ere, emakumeen antolakuntza eta mobilizazioa dira bidea eta hor kokatu du matxoaren 8ko greba feminista.

Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusiak eta Leire Txakartegi eta Jone Bengoetxea Berdintasun Genero Berdintasuneko arduranunek soldata arrakalaren inguruko txosten aurkeztu dute Bilbon.

EAEn emakumeek gizonezkoek baino 7.552 euro gutxiago irabazten dute urtean (%24,29), eta Nafarroan, 8.164 euro gutxiago (%28,41). Eusko Legebiltzarrak onartutako adierazpenak ez dio inola ere heltzen soldata arrakalaren oinarrian dauden egiturazko arrazoiei eta prekarietatearen arazoaz ez dala aipamenik ere egiten azaldu du ELAk.

ELAren iritziz ondorengoak lirateke hartu beharreko neurriak soldata arrakalari aurre egiteko:

1.- Etxeko eta zaintza lanen banaketa parekidea gizon eta emakumeen artean.

2.- Zaintza lanei dagokien balio sozial eta ekonomikoa aitortzea.

3.- Kalitatezko enpleguaren aldeko politika publikoak sustatzea, emakumeek jasaten dituzten prekarietate egoerei aurre egiteko.

4.- Administrazioek pribatizatutako zerbitzuetan edo bultzatutako azpikontratetan soldata baxuagorik ez onartzea.

5.- Zaintzarako zerbitzu publiko doakoak eta unibertsalak garatzea.

6.- Aitatasun eta amatasun baimenak berdinak izatea, pertsonalak eta ezin direnak transferitu.

7.- 250 langiletik gorako enpresetan egiazko berdintasun planak exijitzea eta legea betetzen ez duten enpresak zigortzea.

8.- Kontziliazio neurriak ez izatea soldataren kontura edo karrera egiteko aukeraren kontura.

9. Soldata igoera handiagoak feminizatutako sektoreetan, balio berbera duten lanak berdin ordaindu daitezen.

Irakurri txostena