Gallardonen aborto legearen aurka mobilizazioen beharra azpimarratu du ELAk

Jone Bengoetxea, mobilizazioen beharra azpimarratu du PPren gobernuak aurkeztu duen “ernalduaren eta haurdun dagoen emakumearen eskubideak babesteko” legeari aurre egiteko.”Hau demokraziari egindako aurrez-aurreko beste eraso bat da. Mugimendu feminista jotzen du erabaki politiko honek, eta guztiok -Euskal Herriko gizarte-mugimendu, sindikatu eta gizarte zibila, antolatua zein antolatu gabea- kalean erantzutea eskatzen du”.
Ezin dugu erabakirik hartu -adierazi du- baina gainera gure bizi-aukerak gero eta mugatuagoak dira, errealitate soziolaborala gainbehera larrian dagoelako, eta zaintzarako azpiegitura sozial publiko eta integralik eratu ez delako, besteak beste”.
ELAko arduradunaren hitzetan gabonetako opari ultra kontserbadore hau emakume guztioi tokatu arren, emakume batzuei gabonetako sari nagusia tokatu zaie. “Emakume etorkinei buruz ari gara, inolako prestazio sozial zein osasun estaldurarik gabeko emakumeak edota bizitzaren prekarietatearen aurrean dauden emakumeak. Eliteetako emakumeek borondatezkoa ez den haurdunaldi bat eteteko arazorik edukiko ez duten bitartean”.
Espainiako gobernuak bere autismo autoritarioa agerian utzi duela. Nazio Batzuen edota Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) gomendioei entzungor eginez, gogoratu du. Izan ere, hauek gobernuei eskatzen diete “haurdunaldia eteteko zerbitzu irisgarriak” eskain ditzatela. Gainera, Europar Batasuneko estatu askotan hedatzen ari den joeratik aldendu egiten da; epeen eredua gero eta sarriago ezartzen da, eta suposizioak bakanagoak ari dira bihurtzen.