Gipuzkoako garbikuntzako emakume langileek pairatzen duten %28ko soldata arrakala ezabatzeko inplikazioa eskatu diote Emakunderi
ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGTk Gipuzkoako garbikuntzako emakume langileek pairatzen duten soldata-arrakala ezabatzeko inplikazioa eskatu diote Emakunderi. Emakumearen Euskal Erakundeak Gasteizen duen egoitzan egindako bileran, Gipuzkoako garbikuntzako emakume langileek kale garbikuntzako gizonekin alderatuta duten %28ko soldata arrakala ezabatzeko urrats ausartak ematea eskatu diote erakundeari. Sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, “egoera injustua da hau. XXI.mendean emakumeek %28 gutxiago irabazten dute gizonezkoek baino. Eta hau, lan bera egiteagatik, garbitzeagatik”.
ELA, LAB, CCOO, ESK, UGT ia urtebete daramate patronalarekin negoziatzen, inongo fruiturik gabe. Salatu dutenez, patronalak ez dauka egoera konpontzeko eta soldata arrakala gainditzeko inongo asmorik. Horren aurrean, gizon eta emakumeen arteko berdintasunerantz urrats ausartak ematea eskatu diote Emakunderi, eta baita Eusko Jaurlaritzari ere.
Azaldu dutenez, justizia soziala dago jokoan, “borroka hau langileena ez ezik, gizartearena ere badelako, bai behintzat gizarte justuagoa lortu nahi badugu”.