EMAKUMEEN MUNDU MARTXA
Herrien burujabetza, bizitza duinak eta antibelizismoa izango dira martxaren oinarrian

Klima larrialdi bete-betean aurkitzen garen honetan, lurraren eta bizitzaren defentsa erdigunera ekarri nahi izan dute. Horrela, argi utzi nahi dute guzti hau planetaren ustiatze eta xahutzea oinarri duen gizarte-ereduaren ondorio dela, aipatutakoa bultzatu, sostengatu eta ahalbidetzen duten erakunde finantzario eta ekonomikoen erantzukizunez. Ahaztu gabe, ustiaketa hori ipar globalak hego-globalarekiko egiten duela eta, egun, hegoaldeko herrialdeak kolonizatzen jarraitzeko mekanismoa dela. “Ezin dugu beste aldera begiratu. Bizi garen lurralde honetatik ere badugu erantzukizuna”, azpimarratu dute.
Era berean, Emakumeon* Mundu Martxatik, sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta kolonialistari zuzenean begiratzeko beharra mahaigaineratu dute. Izan ere, jendarte-egitura hau lur eta gorputz jakin batzuen gaineko esplotazioan oinarritzen da.
Migrazio politikak mundu sistemaren egitura kolonialaren ondorio diren neurrian, VI. Nazioarteko Ekintza honetan, sistema hau sostengatu eta ahalbidetzen duten Estatuen arteko mugekin apurtzeko beharra adierazi dute. Eta era berean, atzerritartasun legea bezalako politikak abolitzea urgentziazko neurri gisa kokatu dute, indarkeria eta arrazismo instituzionala salatuz.
Hirugarrenik, indarkeria matxisten ildoa azpimarratu dute. Hauen egiturazko izaera azpimarratuz, beste zapalkuntza sistema batzuekin batera, emakume eta gorputz disidenteen bizitza, gorputza eta sexualitatea kontrolatzen direlarik.
Aipatutako guztiari aurre egiteko, beraz, indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde antolatzeko beharra azpimarratu dute emakumeen mundu martxako kideok eta aste guztian zehar egongo diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatu dute.
Besteak beste, maiatzaren 9an, ekintza sindikala egingo da Bilbon. Zehazki, kalejira bat antolatu dute Plaza Eliptikotik Euskadi Plazara. Bertan, sindikatuek Emakumeen Mundu Martxako aldarrikapenak azaleratuko dituzte. Ekintza nagusia, ordea, maiatzaren 10ean izango da. Egun horretan, Euskal Herriko zonalde desberdinak zeharkatuko dituzte, Bardean hasi eta Donostian bukatuta. Tartean, Aramaio, Gernika eta Irun-Hendaia arteko zubitik igaroko dira eta tokiko mugimedu feministarekin batera ekintza ugari egingo dituzte. Ekintza Donostian amaituko da manifestazio nazional batekin, 19:30ean Easo Plazatik abiatuta.