Hurrengo geltokia: Negoziazio Kolektibo Feminista

2019/12/20
Nola egin berdintasun planak eraginkorrak izan daitezen? Nola jokatu enpresak zuritzeko baliabide izatetik, negoziazio kolektibo feministarako tresna bilakatu daitezen?

Enplegua, lan baldintzak, lan merkatua...ez dira eremu neutroak genero aldagaiari begiratuz gero. Izan ere, sindikatuaren egunerokoan jorratzen ditugun gaiak ditugu sexuaren araberako lanaren banaketa eta horren ondorioak: segregazio okupazionala, soldata arrakala, jardunaldi partzialen feminizazioa, eta abar.

Era berean, negoziazio kolektiboa ere ez da elementu neutroa. Tradizionalki, langile klasearen ustezko interes orokorraren alde negoziatzen ari zela pentsatuta, sindikalismoa itsu ibili da maskulinitate hegemonikoaz haratago doazen gainontzeko genero interesekiko.

Historikoki, beraz, emakumeon behar praktiko zein interes estrategikoak isilaraziak izan dira, neutro ziruditen negoziazio kolektiboaren prozesu eta dinamika androzentrikoen baitan lausotuta.

Oraingoan, ordea, emakumeon interesen defentsa sindikatuaren estrategiaren erdigunean kokatu nahi dugu, sindikalismo feminista eginez. Eta eredu berri hau eraikitzeko bidean, sindikalismoaren muinari eutsi behar diogu ezinbestean; negoziazio kolektiboari, alegia.

Berdintasun planek feminismoa eta negoziazio kolektiboa uztartzeko bide bat jorratzeko atea zabaltzen digute. Izan ere, aurten berdintasun zein enplegu arloko legedian zenbait aldaketa eman dira (6/2019 Errege-Dekretua) eta horiek baliatu nahi ditugu orain arteko berdintasun planen negoziaketa prozesu eta dinamikak birpentsatzeko zein feminismotik ekiteko. Ez dugu nahi berdintasun planak enpresak zuritzeko tresnak izan daitezen, eta negoziazio kolektiboaren dinamika eta prozesu berberak baliatu nahi ditugu genero arrakalak desagerrarazteko.

Bide honetan laguntzeko, ELAtik berdintasun plan eraginkorrak gauzatzeko gidaliburua plazaratu dugu. Gida honen bidez hasierako galderei erantzuna ematen saiatu gara: Nola egin berdintasun planak eraginkorrak izan daitezen? Nola jokatu, enpresak zuritzeko baliabide izatetik, negoziazio kolektibo feministarako tresna bilakatu daitezen?

Gidaliburu hau lan sindikalean diharduen ordezkari zein langile orori zuzendurik dago, eta egunerokotasunean baliagarria izateko helburua du. Izan ere, berdintasun planen edukiek ez ezik, horien negoziazioen baitan ematen diren dinamika eta parte-hartze prozesuek ere garrantzi zentrala dute gida honetan.

Potoloa da esku artean dugun erronka, baina apustua irmoa da: borroka sindikal feministan bidea egiten jarraitu nahi dugu… eta aurrera goaz!

https://mrafundazioa.eus/eu/dokumentazio-zentrua/emakumeen-alorra/berdintasun-plan-eraginkorrak-gauzatzeko-gidaliburua?set_language=eu