Emakume Mundu Martxa

Indarkeria matxista, krisi ekosoziala eta migrazioak ardatz, 2025eko nazioarteko ekintzan

2024/09/28
ELAk parte hartu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak Gasteizen ospatu duen asanblean, beste hainbat eragile eta norbanakorekin batera. Guztira, 50 bat emakumek hartu dute parte. Besteak beste 2025. urtean izango den VI nazioarteko ekintzaren berri eman dute. Horretan, erdigunean izango dira krisi ekosoziala, migrazioak eta indarkeria matxistak, `Herri subiranotasuna eta bizitza duina gerra eta kapitalismoaren kontra´ lelopean.

Atarrabian indarkeria matxisten inguruko jardunaldiak egingo dituztela azaldu dute; bertan, besteak beste, justizia feministaren eta indarkeria matxisten kontrako protokoloen inguruan hausnartuko dute.

Nazioarteko Ekintza Euskal Herrian lurreratzeko aukerak aztertu dituzte ideia zaparrada baten bitartez eta proposamen desberdinak azaldu dituzte. Datozen hilabeteetan ekintza honek izango duen forma landu eta aurkeztuko da.