Azken erailketa matxista salatzeko Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du ELAk

2017/10/04
Beste erailketa matxista bat gertatu da Euskal Herrian. Ana Belen Jimenez eraila izan zen atzo Gasteizen; bere bikoteak erail zuen. Ez dugu ahaztu behar aurten Euskal Herrian bost erailketa matxista gertatu direla jada. Emakume bat erailtzen duten guztietan bezala, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak mobilizazioak deitu ditu biharko, urriak 5. ELA plataforma horren parte da eta geu ere mobilizazio horien deitzaileak gara. Hori dela eta, oraingoan ere dei egiten dizuegu mobilizazio horietan parte hartzeko. Indarkeria matxistaren aurkako borroka sindikala ere badelako! Adi mobilizazioei!

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren agiria:

 

INDARKERIA SEXISTAREN AURKAKO PROTOKOLOA AKTIBATZEN DA: BOST EGUNETAN BIGARREN EMAKUMEA ERAILA MATXISTA DUGU! ASKI DA!!! ANA GOGOAN ZAITUGU!

Alicia, Ada, Jenny, María, Almudena, Nagore, Mari Luz, Amelia, Melissa, Annie, Leire, Alexxe, Andina, Amagoia, Maureen, Maria Angeles, Monserrat, Blanca, Mélodie, Noelia, Ana…

ZENBAT GEHIAGO? ZENBAT IZEN GEHIAGO ZENBATU BEHAR DITUGU? ZENBAT ERAILKETA GEHIAGO?

Izen bakoitzak mina ematen digu, barru barruan sentitzen dugun mina, amorrua eta nazka. Zuen erailketa emakume guztion aurkako gerra isilaren adierazlea delako, egunetik egunera akatzen ari gaituzuelako!

Zuengatik, eraildako eta erasotutako emakume bakoitzarengatik pizten dugu gaurkoan sua, zuen memoria gurera ekartzeko. Ez dugulako ahaztuko, ez dugulako barkatuko. Gure borrokaren suaz eraso bakoitza erantzuteko eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak eraikitzeko prest gaudelako.

5 egun pasa dira Sestaon Noelia Noemí erail zutenetik, eta matxismoak beste emakume bat akatu du, Ana gasteiztarra. Aurten, Euskal Herrian, bortizkeria sexistaren ondorioz hildako bosgarren emakumea da; horrez gain, beste bi andre eta horietako baten semea ere erail dituzte azken hilabeteetan atzerrian. Beraz, zortzi dira osotara 2017an gertatutako euskal herritarren erailketa matxistak, eta bat gehiago kontuan hartuta Bilboko gizon batek San Inazio (Bilbo) auzoan bizitako bere bikotekide ohia Paolaren erailketa Ekuadorren. Ana banatze prozesuan zegoen, bere bikote ohia atxilotua izan da haren erailketa leporatua. Emakumeok gure bizitzaren gaineko erabakiak hartzen ditugunean zigorra jasotzen dugu, batzuetan muturreraino: heriotza zigorra.

Hemendik doakie gure elkartasun eta babes guztia azken egunetan biolentzia honen muturreko adierazpenak bizi izan duen emakumearen familia eta senideei.

Nazkatuta gaude. Emakumeok, emakume izate hutsagatik amaigabeko indarkeria matxista pairatzen dugu egunero, begirada, keinu edo gutxiespen sotilenetik, erailketaraino. Indarkeria matxistak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak mantentzeko erabiltzen duen baliabidea.

Ez dira modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeria da. Beraz, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura ezinbestekoa da. Guztiona da erantzukizuna, pertsonala zein kolektiboa. Pasibotasunak ez du balio. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko.

Ez garela bakean bizi aski badakigu, indarkeria sistemarteko anitzek kolpatzen gaituzte: prekarietateak, indarkeria fisikoak, erailketa matxistak… Hoenen aurrean, autodefentsa feministarako deia egiten dugu, elkarrekin indartsuago garelako, erantzuteko tresnak ditugulako, gure bizitzak direlako joakoan daudenak!

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE! OSTEGUNEAN URRIAREN 5ean DENOK KALERA!