Justizia patriarkalak berean darrai `la Manada´ kasuaren epaia berrestean

2018/12/06
ELA sindikatuak sutsuki kritikatzen du Nafarroako Justizia Epaitegi Gorenak La Manada kasuaren inguruan emandako epaia. Ozen esan nahi dugu hemendik ere 2016ko San Ferminetan bost gizonek emakume bat bortxatu zutela bere borondatearen kontra eta intimidazio osoarekin. Beste behin epai honek argi utzi du emakumeon hitza eta bizitzak beti ere zalantzan jartzen direla.

Nazioarte mailan ere genero berdintasunari dagokion epairik okerrenetariko bat bezala sailkatu du Women´s Link erakundeak.

Badakigu kasu honek gizartean sortzen duen sumindura, baina ezin dugu ahaztu ere kasu honek emakumeon kontrako egiturazko indarkeriaren adibide garbia dela. Ez da kasu isolatu bat; sistema honen sustraiak elikatzen dituen ezinbesteko elementua da indarkeria matxista, kapitalismoa, heteropatriarkatua eta arrazakeriarekin batera.

Hori dela eta, mugimendu feministarekin bat egiten dugu justizia patriarkalaren salaketa honetan eta gure militantzia mobilizazio desberdinetan parte hartzera deitzen dugu.

Ez da abusua, bortxaketa da!