Lan esparruan ere Martxoaren 8ko greba feministak jarraipen zabala izan zuen

2019/03/11
Martxoaren 8ko greba feministaren inguruko balorazio oso baikorra egiten dugu enpleguaren mundutik. Sektore feminizatuetan izan zuen jarraipena nabarmendu dute bereziki grebaren deitzaileek Donostian izandako agerraldian. Irakaskuntza publikoan zein itunpekoan, ikastoletan, ikastetxeetako jantokietan, erresidentzietan, kontserberetan eta garbikuntza alorrean esaterako, emakume gehienek egin zuten greba. Etxez Etxeko Laguntzan ere jarraipena oso zabala izan zen beraiek aldez aurretik piztutako borrokari segida emanez. ELA, LAB, STEILAS, HIRU, ESK, EHNE, Etxalde, CNT eta CGT sindikatuek bultzatu zuten 24 orduko greba.

Bestelako zerbitzu batzuetan ere jarraipena oso garrantzitsua izan zen: telemarketing, merkataritza, komunikabideak, udalak, polikiroldegiak...Aipatzekoa da, era berean, emakumeak gutxiengoan dauden sektore batzuetan ere, industrian adibidez, greba egin zutela: CAF, Eaton…

Aipamen eta aitortza berezia egin zaie sektore feminizatu prekarioenetan lan greba egin duten emakumeei; jakinda gainera, zein zaila den sektore batzuetan greba egitea eta batzuk ere ezin izan dutela beraien greba eskubidea gauzatu. Zerbitzu minimoetan egon diren emakume askok ere ezin izan dute lan grebarik egin.

Eguerdiko mobilizazioak ere oso handiak izan zirela azpimarratu dute grebaren deitzaileek. Dozenaka mila emakumek parte hartu zuten Euskal Herriko hiriburu eta herri gehienetan. "Guzti honek garbi erakusten du emakumeen antolakuntza eta borroka ezinbestekoak direla emakumeen diskriminazio egoerak gainditzeko eta feminismoaren garaia dela ozen esateko, baita lan munduan ere", adierazi dute.

Sindikatuok eta lan munduko ordezkariok enpleguaren ardatzean egiten genituen aldarrikapenak berresten ditugu. Greba honek aldarrikapen asko serio hartzeko balio izan du, erantzunkizun zehatzak dagozkien erakunde batzuek beraien gain ardurak har ditzaten eta ez dezaten beste albo batera begiratu. Eta batez ere, bizitza erdigunean jarriko duen Euskal Herri libre eta feminista baten aldeko borrokan emakume* guztiok batera jarraitzeko indar erakustaldi ederra izan da.

Ikusi datuak