LANGABEZIAREN DATUAK
Langabeziak nabarmen egin du gora emakumeen artean

Abenduan langabeziak pixka bat behera egin ondoren, eta Gabonetako kanpainen amaierarekin, langabeziak gora egin zuen berriro, zerbitzuen sektoreko emakumeen eta gazteen kontura. Langabeziaren igoera ia osoa emakumeen artean izan zen, 2.302tik, 2.173 emakumeak izan ziren). Hala, emakume langabeen ehunekoa %58,5ra igo zen, eta gizonena, berriz, % 41,5era murriztu. Gazteen langabeziari buruzko datuek ere zifra negatiboak dituzte. Azken hilabetean 720 pertsona gehiago izan ziren enplegu gabe, hau da, kopuru erlatiboetan %6,1eko igoera. Gazteen langabeziak egiturazko arazoa izaten jarraitzen du, urtarrilean aurreko urtean baino langabezia handiagoa izan zen, eta esan behar da 2019an baino 1.726 gazte langabe gehiago daudela oraindik.
Kontratazioaren datuei dagokienez, Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %77 aldi baterakoak izan ziren Hego Euskal Herrian, hau da, urtarrilean sinatutako lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan ziren.
Nabarmentzekoa da, halaber, langabezian izena emanda dauden pertsonen %51ek ez zuela langabeziagatiko inolako prestaziorik jaso abenduan. Eta %31k bakarrik kobratu zuen kotizaziopeko langabezia-prestazioa.
Urtarrileko datuek prekaritatearen errealitate gordina erakusten dute berriro: Gabonetako kanpaina igarota, urtaroko enpleguak suntsitu egiten direla berriro, eta, ondorioz, langabeziak gora egiten duela, batez ere emakumeen eta zerbitzuen sektoreko gazteen artean. Gainera, gogoan izan behar da ziurgabetasun testuingurua, aurreikuspen negatiboak baitaude datozen hilabeteetarako, eta horrek eragina izan dezake enpleguan. Beraz, ELArentzat beharrezkoa da antolaketa eta mobilizazioa baldintza materialak hobetzeko.