SOLDATA ARRAKALAREN AURKAKO EGUNA
Nork ezarri ditu lanen balioak? Soldata arrakala kontu politikoa da!

Urtero lez, zifrek enplegu arloko emakumeen aurkako diskriminazioa baieztatzen dute: Hego Euskal Herrian, %22 inguruko soldat arrakala dago. Soldataz haratagoko lan baldintzei erreparatuz gero, genero arteko arrakala honakoa da: HEHko kontratu partzialen %25,9 emakumeenak dira; %7,7 soilik dira gizonenak. Behin-behineko kontratuei erreparatuta, %23,1 emakumeenak dira; gizonenak, berriz, %17,1. Kasualitatea beharrean, kausalitatea ote?
Enpresek eta instituzioek proposatzen dituzten konponbide teknikoez haratagoko erantzunak behar ditu soldata arrakalak. Izan ere, azken urteetan indarrean jarritako berdintasun plan, soldata gardentasunarentzako tresna eta neurri formal ezberdinek ez dute lortu urteroko joerari buelta ematea.
ELAk errora jotzeko deia egiten du, sexuaren araberako lanaren banaketaren ordena hausteko deia, alegia. Eta horrearako, negoziazio kolektibo feminista ezinbesteko tresna gisa aldarrikatzen du. Gatazka sindikal feminizatuek soldata arrakalaren aurkako borroka elikatzen dute, feminizatutako lanei balio sozial eta ekonomikoa aitortzea baita gakoa. Beraz, hartu dezagun borroka horien lekukoa eta berbideratu dezagun eztabaida, eremu teknikotik politikora.