Soldata-arrakala, gaitz pandemikoa

2021/02/22
Otsailaren 22an Emakumeen eta Gizonen Soldata Berdintasunaren Europako Eguna da. Egun, pandemikoki hedatuta dugun gaitza da soldata arrakala. Oraindik ere, emakumeok gizonek baino soldata baxuagoak jasotzen ditugu balio bereko lanak egiteagatik. Oraindik ere, emakumez osatuko lanbide, sektore zein lanpostuak gutxietsiak izaten jarraitzen dute, sozialki, zein ondorioz, ekonomikoki.

Sexuaren araberako lanaren banaketaren bidez, “gizonen” eta “emakumeen” lanak definitu eta azken hauek gutxietsi egiten dira. Emaitza honakoa da: Hego Euskal Herrian urteko soldata arrakala 7500 euro baino gehiagokoa da, %24tik gorakoa, hain zuzen ere.

Soldata arrakalaren aurkako politika eta ekimen eraginkorrak behar ditugu behingoz, plano formalean edo azaleko konponbidetan geratuko ez diren neurriak, hain zuzen ere. Azken urteetan gaiaren bueltan hainbat lege aldaketa ematen ari diren arren (Berdintasun Planen inguruko 6/2019 eta 901/2020 Errege Lege Dekretuak, Soldata Berdintasunaren inguruko 902/2020 Errege Lege Dekretua…),enpresa eta administrazioak soldata arrakalaren sortzaile izaten jarraitzen dute. Maiz legea bere osotasunean aplikatzea ere kosta egiten da, berdintasun neurri eta mekanismo formalek zuriketa morea izaten dutelarik helburu gehiegitan.

Soldata arrakalaren aurkako lege eta arauak betearazi behar dira, enpresa pribatuetan, noski, baina baita administrazio publikoetan ere. Izan ere, berdintasun lege eta arauak argitaratzen dituzten horiek maiz arrakala horiek birproduzitu egiten dituzte euren baitan. Zerbitzu publikoen pribatizazioa sustatzen ari diren honetan, hainbat eta hainbat zerbitzu feminizatu azpikontratatu egiten ditu administrazio publikoak. Honen adibide ditugu zahar-egoitzak, garbikuntza zerbitzuak edota eskoletako jantokiak, besteak beste. Eredu izan beharko lukeen administrazioa, beraz, soldata arrakalaren eragile bilakatu zaigu, egoeraren arduradunek maiz berdintasun hitzez ahoak betetzen dituzten bitartean.

ELA sindikatutik egunero egiten diogu aurre soldata arrakalari negoziazio kolektibo feministaren bidez. Gatazkak pizten ari dira lantoki eta sektoreetan, eta jada hainbat garaipen ere izan ditugu. Berriki, esaterako Zarauzko udal bulegoen garbikuntza hitzarmenaren bidez soldata arrakala ezabatzea lortu dugu, kale-garbikuntzarekiko (sektore maskulinizatua) zuten soldata-aldea ezabatuz. Hurrengo 5 urtetan zehar egikarituko da berdinketa hori. Aurretik izandako beste hainbat garaipen bizi izan ditugu: Elorrioko udalak azpikontratatutako garbitzaileek 5 hilabeteko greba ostean soldata %20,76 igotzea lortu zutenean; Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbitzaileek 280 greba egun ondoren kaleko garbitzaileen arrakala %70 murriztea lortu zutenean, edota EHUko eta Hezkuntza sailak azpikontratatutako garbitzaileen kolektiboa, Lan berdina, soldata berdina lelopean, %13ko soldata arrakala salatuz kalera atera zirenean.

ELA sindikatutik soldata arrakalaren aurkako borrokan lehen lerroan jarraituko dugu sektore eta lantoki ezberdinetan langileak antolatu eta soldata arrakalarekin amaitzeko greba eta mobilizazioak bultzatuz. Eta instituzio publikoei exijitzen jarraituko dugu euren ardura eta betebeharrak benetan egikaritu ditzaten, injustiziaren konplize izatetik soldata arrakalaren aurkako neurri eraginkorrak sustatzeko saltoa eman arte. Benetako politika feministak aurrera eraman arte. Azken finean, soldata arrakalarekin amaitu arte.