SEXU ASKAPENERAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Trans borroka klase borroka da

ELAk gai hau lehen lerrora ekarri nahi izan du, hainbat arrazoiengatik. Alde batetik, giza eskubide kontua delako. Baina baita LGTBi borroka eta bereziki trans borroka klase borrokaren parte delako. ELAk argi du trans pertsonen eskubideen defentsa borroka sindikalaren parte dela.
Azken garaian, modu xumean bada ere, ELA enpresa zein sektoreetako negoziazioetara eramaten hasi da kolektibo honen eskubideen aldeko aldarrikapenak. Horren adibide dugu Gipuzkoako Metaleko hitzarmenean norbere izenaz izendatua izateko eskubidea jaso izana hitzarmenean, nahiz eta tramite administratiboak oraindik ere eginak ez izan.
Mar Cambrollek ekitaldiaren ideia nagusian sakondu du bere hitzaldian: “Trans pertsonak, marikak eta bollerak ere langile klaseak gara. Ezinezkoa da beste batzuek gure ordez hitz egitea. Aliatuak beti pauso bat atzetik joan behar du, inoiz ez aurretik eta are gutxiago gainetik”.
Mar Cambrolle-ren iritziz, “trans kolektiboa izan da demokraziaren ahazturik handiena. Transak gara diskriminazio eta eraso gehien jasaten ditugun pertsonak, baina gu gara gutxien salatzen ditugunak. Eta lanean apartheid bat jasaten dugu. Ez nuen uste hainbesteko indarkeria jasango genuenik. Diskriminatu egiten gaituzte emakume izateagatik eta trans izateagatik”.
Plataforma Trans federazioko presidenteak azpimarratu duenez, ez zuen pobrea izatea aukeratu, ezta trans izatea ere. “Trans pertsonei okerreko gorputzaren ideia ezarri ziguten, baina, egia esan, denok gaude okerreko gorputzean, inork ez ditu betetzen ezartzen dizkiguten edertasun kanonak”.
Azkenik, Trans Legea baloratu du. “Lege honek nortasuna medikuntzatik bereizten du. Azkenean, 45 urteren ondoren, lortu dugu. 2012an genero-autodeterminazioa aitortzen hasi zen, eta 2018an trans pertsonak despatologizatu ziren. Hau oso garrantzitsua izan zen”.
Loratuz Lotu kolektiboko Mash eta Brayanek nabarmendu dute Trans Legeak kolektiboaren zati txiki bat bakarrik hartzen duela kontuan, eta ez duela bermatzen hezkuntzan gaiari buruzko prestakuntza egotea. Gainera, nabarmendu dutenez, arazo bat dago. “Legea ez da betetzen. Arazo asko ditugu edozein izapide egiteko, eta lan elkarrizketetan ere entzuten ditugu honelako esaldiak: ‘enpresa hau ez da zu bezalako pertsona batentzat’. Berdintasun Ministerioaren datu ofizialen arabera, trans pertsonen %42 diskriminatuta sentitu dira, bai lan bila zebiltzanean, bai lanpostuan zeudenean. Gainera, sinatutako kontratuen % 65ek urtebete baino gutxiago irauten dute. Langabeziaren datuak, adibidez, askoz ere altuagoak dira trans kolektiboan”.
Ikusguneko Julenek eta Ametsek LGTBi+fobiari buruz ohartarazi dute. “Gorrotoaren diskurtsoa urtez urte hazten ari da. Trans kolektiboaren deshumanizazioa dago. Erasoak ez dira hitzezkoak bakarrik edo sare sozialetan, gero eta indarkeria fisiko eta jipoi gehiago daude. Beldur hori ere badago lan eremuan. Badira trantsizioan dauden bitartean lana uzten duten pertsonak, kaleratuak izateko beldurrez. Testuinguru horretan, sindikatuekiko aliantza behar dugu, lantoki guztietan ingurune atseginak sortu ahal izateko”.