Zaintzaren Herria
Zaintzei buruz modu kolektiboan hausnartu dute Bilbon, Greba Feminista Orokorraren urteurrenean

Goizean goizetik Arriaga betetzea lortu zen “Zaintza sistema publiko komunitariorantz, hausnarketak eta urratsak” mahai-inguru nagusiaren bitartez, non Amaia Perez Orozco, Mari Luz Esteban, Miren Aranguren eta Arantza Urkaregi kide feministek hitza hartu zuten zaintza sistemaren inguruko eztabaidarako oinarri nagusiak azpimarratuz.
Zaintza sistema ez ezik sistema guztia kolokan jarri dute hizlariek, izan ere egungo ereduak kapitala bizitzaren gainetik jartzen du, azken honekin negozioa egin daitekeela ulertuz, eta horretarako langileak esplotatzeaz gain zaintzarako eskubidea ukatzen die hainbat eta hainbat pertsonei.
“Publikoaz” zer ulertzen dugun, eta “komunitarioa” hitzarekin zer esan nahi dugun ere eztabaidagai izan ziren. Lehenengo kontzeptuaren kasuan zaintza sistema unibertsal, doako, ez itundu eta ez pribatizatua jartzen da erdigunean, bigarrenak aldiz, zaintza estatu eta merkatu logikatik ateratzea proposatzen du, naiz eta bere arriskuak ere badituen, ezin baita merkatutik ateratzen den lan hau emakumeek dohain egiten duten bizkarrengan erori.
Besteak beste, egun Bizkaian kudeaketa publikoko bi zahar-etxe baino ez daudela azpimarratu zuten eta menpekotasunak daukan feminizazioaz ere hitz egin zuten, izan ere, zaintzaileak ez ezik, zaintza eskubidea ukatua duten pertsonak ere, batez ere, emakumeak baitira.
EHNE-ren eskutik hamaiketako eta kafea hartu ondoren, goiz erdian, hiru mahai-inguru izan ziren, zaintzaren inguruko eztabaidan sakonduz esparru desberdinetarik: atzerritartasuna eta zaintzak, haurren begirada hiri ereduan eta etxez etxeko laguntza izan ziren hizpide, non ELAko kideok ere sektore hau publifikatzeko daukagun proposamena mahai gainean jarri genuen. Bien artean gainera haurrek ere asanblada bat egin zuten, Zaintzaren Herriari ere beraien ekarpena eginez eta hauek ere eraldaketarako subjektu direla aldarrikatuz.
Bazkalaurretik Vermut feminista musikatua izan zen eta jarraian Marmitako kideek prestatutako herri-bazkarian parte hartu zuten 300 pertsonatik gertu. Bazkalondoren, tribial feminista dinamizatu zuten Topa-ko kideek, bertan 100 pertsonatik gertuko parte hartu zuten norbere ezagutza feministak taldeka lehian jarriz. Saria La Sinsorgaren esku etorri zen, talde irabazleak kultu-gune feministako urte beteko bazkide kuota eta Mimosa bana jaso zituen.
Ondoren manifestazioa etorri zen, Udaletxetik hasi eta espainiar gobernuko extranjeriako delegaritzan atzerritartasun legearen gehiegikeriak salatuta Aldundiraino bidea egin zuten, “Zaintza sistema publikoa” eta “zaintzarekin negoziorik ez” oihukatuz eta erakundeei dagokien ardura har dezaten exijituz, “se os acabó el negocio”, lelopean.