Emakumeon erabakitzeko eskubidea, estatu auzia ote?

2013/12/27
ELAk legegai zirriborro honen aurkako jarrera agertu nahi du; aborto legal, seguru eta doakoa aldarrikatzen dugu. Batzuk aurkakoa esanagatik ere, emakumeok helduak baikara: badakigu zer nahi dugun eta ahalegin guztiak egingo ditugu gustu txarreko broma hau hori izan dadin, gustu txarreko broma bat.

Negoziazio kolektiboaren erreforma, pentsioen erreforma, erreforma laborala, Wert legea (Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organiko delakoa)... eta azkena, berriz, “ernalduaren eta haurdun dagoen emakumearen eskubideak babesteko” legegai zirriborroa. Guztiak broma kontua dirudi, baina zoritxarrez hau ez da jolasa; benetan ari dira.

 

Hurrengo murrizketa edo atzerapauso laboral zein soziala nondik etorriko den ez dakigun honetan, eskuinik gotorrenak bere erakustaldirik lotsagarriena eman digu; lotsagarria, eta erabat arriskutsua: emakumeok eskubide-subjektu izateari egiten dioten mespretxua dago horren atzean. Zer dela eta? Gutxiengo diren sektore erreakzionarioak asetzeko, gizartean halako eskaririk ez bazegoen ere. Noski, betiere herritarron eztabaida, kontsulta eta parte hartzerik gabe. Horretan ez dute kale egiten, hori baita beren estiloa.

 

Hori hala da, izan ere, bizitzaren ustezko aitzindariek zigoto batek eskubide gehiago baitu emakume batek baino. Euren balio moraletan emakumeok geure gorputzari eta bizitzari buruz ez daukagu zer esan askorik, edo bat ere ez. Uste dute gure izaera idatzita dagoela, eta hori ama izatea dela. Edozein dela ere zure bizimodua, posizio sozioekonomikoa, sinesmena, jatorri nazionala, adina, osasun egoera...

 

Honekiko ere ez dute erabakitzeko eskubiderik aitortzen; are gutxiago gure gorputza tarteko izanagatik ere. Ezin dugu erabakirik hartu, baina gainera gure bizi-aukerak gero eta mugatuagoak dira, errealitate soziolaborala gainbehera larrian dagoelako, eta zaintzarako azpiegitura sozial publiko eta integralik eratu ez delako, besteak beste.

 

Gainera, jakin badakigu gabonetako opari ultra kontserbadore hau emakume guztioi tokatu arren, emakume batzuei gabonetako sari nagusia tokatzen zaiela. Emakume etorkinei buruz ari gara, inolako prestazio sozial zein osasun estaldurarik gabeko emakumeak edota bizitzaren prekarietatearen aurrean dauden emakumeak eliteetako emakumeak borondatezkoa ez den haurdunaldi bat eteteko arazorik edukiko ez duten bitartean.

 

Beraz, Espainiako gobernuak bere autismo autoritarioa agerian utzi du, Nazio Batzuen edota Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) gomendioei entzungor eginez: hauek gobernuei eskatzen diete “haurdunaldia eteteko zerbitzu irisgarriak” eskain ditzatela. Gainera, Europar Batasuneko estatu askotan hedatzen ari den joeratik aldendu egiten da; epeen eredua gero eta sarriago ezartzen da, eta suposizioak bakanagoak ari dira bihurtzen.

 

Hau demokraziari egindako aurrez-aurreko beste eraso bat da. Mugimendu feminista jotzen du erabaki politiko honek, eta guztiok -Euskal Herriko gizarte-mugimendu, sindikatu eta gizarte zibila, antolatua zein antolatu gabea- kalean erantzutea eskatzen du.

 

ELAk ere legegai zirriborro honen aurkako jarrera agertu nahi du; aborto legal, seguru eta doakoa aldarrikatzen dugu. Batzuk aurkakoa esanagatik ere, emakumeok helduak baikara: badakigu zer nahi dugun eta ahalegin guztiak egingo ditugu gustu txarreko broma hau hori izan dadin, gustu txarreko broma bat.