Maiatzaren 1ean, bandera moreak airean

2016/04/30
Jone Bengoetxea Epelde. Itziar Gandarias Goikoetxea - Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa
Langile klasearen nazioarteko borroka eguna dugu maiatzaren lehena. Lanaren edo, hobeki esanda, soldatapeko enplegu duin baten aldeko eskubidearen aldarrikapen eta borroka eguna. Tradizioz, sindikatuek ordezkatu eta defenditzen duten eguna. Emakumeok enplegu eta bizi baldintza duin batzuen aldeko borrokan beti tinko jardun izan gara lan merkatu formaletik, haren bazterretatik eta, batez ere, hartatik kanpo.

Ukaezinak dira gaur egun lan merkatuak eta lan harremanek orokorrean duten prekarizazio basatia, babeserako tresna kolektiboen ahultzea eta lan harremanen indibidualizazioa tarteko. Egoera honetan, ondorioak bestelakoak dira gizon zein emakumeontzako. Eta, logikoa denez, horrek antolaketa kolektiboa eta borroka sutsua eskatzen du.

Etxeko lanei eta zaintzari benetan duten balioa aitortzea beharrezkoa ikusten dugu, eta auzitan jarri behar da haien antolaketa soziala: gizon eta emakumeek berdintasunez egin behar dituzte. Erantzukizun hori jendarte guztiari dagokio. Beraz, berdintasunaren inguruko diskurtsoen erretorika gainditu eta arazoaren errora jo behar dugu, hezkuntza eredua ez ezik kontziliazio politikak ere zalantzan jarri, zeren horiek emakumeon rola ?bizitzaren sostengatzaileena? bideratu ordez indartu egiten baitute.

Emakumeok esan ohi dugun bezala: lana sobera dugu, eta enplegu duina faltan. Oraindik ere nagusiki, lan merkatu ez-ofizialean, ez-arautuan eta-ez errekonozituan dihardugunak gu gara. Lana gainezka daukagu; kalitatezko bizitza eta enplegua nahi ditugu, emakume guztioi autonomia, eskubideak eta prestazioak bermatzeko. Eta XXI. mendeko kapitalismo neoliberalean ezagutzen ari garen aldaketa prozesu askotarikoak kontuan izanda (langabeziaren igoera, 3. sektorearen suntsiketa, ezkutuko ekonomia...), egun, langile klaseaz aritzean, berau fabrikako menpekotasunik gabeko gizon heterosexual zuri batzuek soilik ordezkatzen al dute? Hortaz, langile klasearen berdifinizio baten beharra azpimarratu nahiko genuke, zeinetan langile izaera esleituko zaion aberastasuna, balioa, prestigioa, zaintza, bizitzaren mantentzera bideratzen diren jarduera guztiei, soldatapekoak izan edo ez. Kapitalismoa eta heteropatriarkatua txanpon beraren bi aurpegiak dira. Eredu jasanezin bat osatzen dute, pertsonen eta Lurraren, eta batik bat emakume-gorputzaren menperatzean eta esplotazioan oinarritua.

Emakume immigranteak, bollerak, transexualak, aniztasun funtzionala dugunak, soldatapeko langileak, baserritarrak, prekarioak, langabetuak, adin desberdinetako emakumeak, jatorri desberdinetakoak, hirietakoak, herrietakoak eta abar biltzen dituen Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa honek jendarte eredu berri bat eraikitzen ari diren subjektu politiko kolektibo desberdinen arteko aliantzan sinesten du feminismoak, aldarri nagusi izaki. Gure arteko aniztasun eta desberdintasunen jakitun gara, baina argi daukagu, aldaketa garai honetan, feminismorantz aldaketa egiteko elkartu eta noranzko berean eragiteko garaian gaudela.

Bizi ereduen talka baten aurrean aurkitzen garen honetan, feminismotik, bestelako eredu baten aldeko imajinario eta jardunbiderako hautua egiten dugu: horrek produktibitatea eta erreproduktibitatearen aitortza lehenesten du, bizitzari duen balioa aitortzen dio, ezaugarritzat elkartasuna du, denboraren jabetza ahalbidetzen du eta zaintza-lanen balioespena onartuko du. Horregatik, maiatzaren 1ean ere, bandera moreak astintzen ditugu elkarrekin, trapu soilak izan ez daitezen.