Menu berriak dastatuz... aniztasunaz goza dezagun

2020/09/09
Jone Bengoetxea - ELAko Genero, Berdintasunerako arduraduna
Emakumea edo gizona. Zuria edo beltza. Heterosexuala edo homosexuala. Aberatsa edo txiroa. Gaixoa edo osasuntsua. Atzerritarra edo bertokoa. Zaharra edo gaztea. Pribilegioduna edo baztertua... Menu itxi bat ematen duen zerrenda dikotomiko honekin jolastuz jarraitu genezake, bi aukera besterik eskaintzen ez duen menu zurruna etengabe elikatuz. Zaila da ohiko eskemetatik ateratzea, nola ez! Errealitate askotarikoak irudikatzeko zailtasunak ditugu eta norbanakoen ezaugarri propioetatik abiatu ordez, ohikoa da oso ezberdinak diren errealitateak homogeneizatzea, denak gauza bera balira bezala. Irakurketa bakarra egiteko tentazioa handia da.

Emakumea edo gizona. Zuria edo beltza. Heterosexuala edo homosexuala. Aberatsa edo txiroa. Gaixoa edo osasuntsua. Atzerritarra edo bertokoa. Zaharra edo gaztea. Pribilegioduna edo baztertua...

Menu itxi bat ematen duen zerrenda dikotomiko honekin jolastuz jarraitu genezake, bi aukera besterik eskaintzen ez duen menu zurruna etengabe elikatuz. Zaila da ohiko eskemetatik ateratzea, nola ez! Errealitate askotarikoak irudikatzeko zailtasunak ditugu eta norbanakoen ezaugarri propioetatik abiatu ordez, ohikoa da oso ezberdinak diren errealitateak homogeneizatzea, denak gauza bera balira bezala. Irakurketa bakarra egiteko tentazioa handia da.

Gurean ere bada tentazio hori. Izan ere, sindikalismoan, eta, beraz, baita ELA sindikatuan ere, langile-klaseaz hitz egiterakoan, askotan zapaldua den langile-klase homogeneo bati buruz hitz egiteko joera dago. Argi dago nortasun kolektiboa duen klase-borroka «gu» (langileok) eta «besteak» (boterea) dikotomian oinarritzen dela, baina ez dezagun ahaztu zatiketa horretan errealitate, pertsona eta kolektibo batzuk bazterrera eramateko arriskua dagoela. Akaso ustezko langile klase «orohartzaile» batek pertsona eta kolektibo desberdinek pairatzen dituzten desberdintasun eta diskriminazio egoera guztiak barne hartu ditzake? Hau da, akaso gauza bera da langile zuria ala beltza izatea; emakume langilea edo gizon langilea; langile elbarria izan edo ez; transexuala izan edo ez?

Ez larritu, sindikatu batek ez dio uko egingo klase borrokari, bere nortasuna eta funtsa bertan sortua eta eraikia baita. Baina ezin daiteke ukatu langile-klase horren baitan dagoen heterogeneitate eta aniztasuna: zapalduen artean ere desberdintasunak daude. Aurtengo ekainaren 28an, LGTBIQaren aldarrikapen egunean, ELA sindikatutik aniztasunari egin nahi diogu aparteko keinu eta aipamena. Hautu sexual eta afektibo zein genero identitate askotarikoak oinarrian hartuta, normalean erdigunetik ateratzen diren pertsona, identitate eta nortasun askotarikoekin entsalada koloretsuan bizi nahi dugula aldarrikatu nahi dugu: zakila duten emakumeak edo alua duten gizonak; ez emakume eta ez gizon bezala definitzen diren pertsonak; harreman sexual eta afektiboak edozein generorekin dituztenak; gizontasun eta feminitate tradizionalak kolokan jartzen dituztenak...

Kultura heteropatriarkalak markatzen gaitu, eta gure bizitza pertsonalaz haratago, erakunde, eragile edo edozein kolektiboren balore, funtzionamendu, arau edo sinesmenetan zuzenean eragiten du, eta, noski, gizartearen parte den heinean, baita ELAn ere.

Aniztasuna «rollo ona» ematen duen hitza da, nor ez dago ba aniztasunaren alde? Diskurtsoaz haratago, ordea, zaila da aniztasuna modu kolektiboan praktikara eramatea.

Aniztasunean bizitzeak edo bizi nahi izateak besteen tokian jartzera garamatza, eta horrek deserosotasunak eragin ditzake. Izan ere, geure burua zapaldutzat izan ohi dugu, konturatu gabe zenbait egoeratan gu geu garela zapaltzaile. Azken batean, langile oro zapaldua izan daiteke, baina zuria, gizona, erdalduna eta heterosexuala izateak ez al dakartza pribilegioak bere gain? Horixe bera da aniztasunak egiten digun ekarpena: geure burua eraiki eta deseraikitzeko prest ote gauden galdetzera behartzen gaitu.

Zentzu honetan, kontrabotere indar izan nahi duen sindikatuak ere badu horretan ardura politikorik; batetik, erakundearen kultura, funtzionamendu eta sinesmenak berrikusi, eta bestetik, gogoan izan beti langile zapalduen artean ere badirela desberdintasunak, eta, beraz, begirada askotarikoen beharra dugula une oro.

Iruditeria berriak eraiki eta menu berriak probatzeko prest gaude! Goza dezagun aniztasunaz!