SEKTORE PUBLIKOA (EAE)
“Hemen negoziatu nahi ditugu sektore publikoko langileen baldintzak”

ELA, LAB, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek bilerak egin dituzte gaur EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin. Gogoratu behar da, urriaren 25erako eta abenduaren 19rako sektore publikoan deitutako bi greba-egunen testuinguruan, sindikatuek biltzeko gonbitea egin dietela Estatuko azken hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu zuten alderdi politiko guztiei. Gonbidapen horretan oinarrituta egin dira bilerak. Gaur egun, gonbidatutako gainerako alderdi politikoek, EAJ-PNVk, PSEk eta PPk, ez dute erantzunik eman. Badirudi EAJ bezalako alderdiek nahiago dutela adierazpen publikoak egitea eta proposatzen zaizkion elkarrizketa-esparru guztiak baztertzea.
Bileretan, sindikatuek EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi planteatu diete Madrilen dituzten botoak sektore publikoko langileen lan-baldintzak hemen negoziatzea ahalbidetzeko erabiltzearen beharra. Hamarkada bat baino gehiago da Madrilek, Aurrekontuen Legeen bidez, eremu publikoko sektore ezberdinetako soldaten eta enpleguaren inguruko negoziazio kolektiboari betoa jarri ziola. Sindikatuek beto hori ez normalizatzeko eta EAEri (eta ez Espainiar estatuari) dagokion eskumen bati uko ez egiteko eskatu diete bi alderdi politikoei. Eskatu diete Autogobernua defendatzeko eta bere botoak erabili ditzatela gure sektore publikoaren soldata eta enplegu-beharrak hemen negoziatzea ahalbidetzako, 80ko eta 90eko hamarkadetan egiten zen bezala. Borondate politikoa badago, posible da, bereziki boto horiek oso baliotsuak diren une honetan.
Era berean, ELAk, LABek, CCOOk, STEILASek, SATSEk eta ESK-k azpimarratu dute aurrekontu nahikoak behar direla gure sektore publikoaren gabezia larriei aurre egiteko. Hori dela eta, bi alderdi politikoei eskatu diete, ardurak dauzkaten eremu eta instituzioetan, aurrekontu-partida nahikoak onartzea, hori ahalbidetzeko: zerbitzu publikoak indartzeko, pribatizazioekin amaitzeko, enplegu publikoa sortzeko eta kontsolidatzeko, lan-baldintzak hobetzeko, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko, langileen lan-osasuna bermatzeko, administrazioaren euskalduntzean urratsak emateko eta genero-diskriminazioarekin amaitzeko benetako neurriak hartzeko.
Sindikatuek behin eta berriz salatu dute zerbitzu publikoen gainbehera, lan-baldintzen okertzea eta horrek herritarrei eskaintzen zaien arreta-kalitatean duen eragin larria. Ez gaude arazo artifizialen aurrean, baizik eta plantillek eta herritarrek pairatzen duten gainbeheraren aurrean. Arazo hauek kezka dira gizartearentzat, hainbat inkestetan islatzen den bezala. Euskal erakundeek bankuetan 10.000 milioi euro dituzten bitartean, gizarte-premiak larriagotu egiten dira eta zerbitzu publikoek okerrera egiten dute.
Borondate politikoa badago, sektore publikoaren gabezia larriak konpon daitezke. Horregatik, sindikatuek sektore publikoko langile guztiak animatu dituzte urriaren 25erako eta abenduaren 19rako deitutako greba eta mobilizazioekin bat egin dezaten.