NEGOZIAZIO BILERA

Akordioa betetzea exijituko die ELAk patronalei

Akordioa betetzea exijituko die ELAk patronalei
Gipuzkoako aurrekontuen akordioak jasotzen du erresidentzia eta eguneko zentroetako langile guztientzat hitzarmena bultzatuko dutela. Horregatik, ELAk positibotzat jo du patronalek mahaia deitu izana abenduaren 17rako.

Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako negoziazio mahaia apiriletik dago bloketatuta. Pasa den astean, Gipuzkoako foru gobernuak eta Podemos alderdiak aurrekontuetarako akordioa iragarri zuten, eta horren ostean iritsi da patronalen negoziazio mahai baterako deia: asteazkenean, abenduaren 17an, egingo da arratsaldeko 15:00etan. 

ELAk, sektoreko ordezkaritzaren %60 duen sindikatuak, positibotzat jo du patronalek mahaia deitu izana, blokeoa gainditzeko bidea baita, eta Gipuzkoako Aldundiaren norabide aldaketa bat ere ekarri lezake. Izan ere, aurrekontuen akordioan zera zehaztu zen: “Aldundiak konpromisoa hartzen du adineko egoitzetako eta eguneko zentroetako lan hitzarmen sektorial bat bultzatzeko”. Orain arte, Aldundiak langileen baldintzak zatitzen zituen akordioak auspotu ditu. Horren adibide, langileen %8arekin sinatu zuen UGT eta patronalen arteko estatutuz kanpoko akordioa sustatu eta txalotu izana.  

Gogora dezagun Araban lortu dela patronalekin adostea erresidentzietako lehenengo hitzarmen sektoriala, lan gatazka luze baten ondorioz. EAJ eta Podemosen artean adostutako aurrekontuen akordioaren baldintza nagusia izan da langile eta patronalen arteko adostasuna lortzea. Alegia, langileen lan baldintzak adostea izan zen akordioaren muinetako bat.

Gipuzkoaren kasuan, aurrekontuen akordioarekin iragarri dute 10 milioi bideratuko dituztela, sindikatuoi bestelako xehetasunik adierazi gabe. ELAk uste du partida honek ez dituela asebeteko langileen aldarrikapen garrantzitsuenak. Halere, negoziatzeko borondatea erakutsiko du da asteazkeneko mahaian.

Langileak greban abenduan eta urtarrilean

Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako lan gatazkak jauzi bat eman zuen azaroko hiru greba egunen ostean: sei erresidentzietako langileek beste hilabetez greban jarraitzea erabaki zuten, lan baldintza prekarioak salatzeko.

Gogoratu behar da langileen aldarrikapenak, besteak beste, %100eko lan kontratuak eta soldata arrakalarekin amaitzea direla. Izan ere, langileen ia erdiak kontratu partzialak ditu eta urtean 10.000 eurotik gorako soldata arrakala pairatzen dute gehien-gehienak emakumeak eta azpikontratatuak diren sektore honetan.

Aldarrikapen horiek lortu arte, langileek borrokan jarraituko dute: abenduaren 22 eta 23an, eta urtarrilaren 22 eta 23an ELAk sektoreko greba dauka deituta, eta beste sei erresidentzietan greban jarraituko dute urtarrilaren 23a arte.