Akordioak dituen gabeziak agerian geratu diren arren, Partaide eta EIB Ikastoletako patronalek eta LABek akordioa berretsi dute

2019/10/01
50 langiletik gora bi Ikastolen itxieragatik kaleratuak izan dira, lan kargak gero eta eraman ezinago izaten jarraitzen dute, soldatak finantziazioari lotuak daude eta galdutako erosi-ahalmenaren berreskurapenak urrun dirau. Pasa den Abenduan, Partaide eta EIB Ikastoletako patronalek eta LAB sindikatuak (Ikastoletan gehiengoa du) EAEko ikastoletan 2018-2019 urteetarako sinatu zuten akordioa berretsi zuten irailaren 30an bere edukia Lan hitzarmenean txertatuz.

ELAk, Ikastoletan ordezkaritza izanik, ez zuen akordio hura sinatu gabezia larriak zituelako, eta nagusiki Ikastoletako langileen lan baldintzen balizko hobekuntza baterako funtsezkoak diren edukiak negoziaziotik at utzi zirelako. Besteak beste, akordio horrek ontzat ematen zuen gai asko Eusko Jaurlaritzaren ardura zirela eta sindikatuok ez genuela eduki horien gainean eragiteko inolako aukerarik.

Jaiotze tasaren jaitsiera eta hortik eratorritako matrikulazioaren beheraka dela eta, sektoreak duen arazo nagusienetako bat lanpostu galerarena da. Horregatik, gure aldarrikapen nagusienetako bat lanpostua gal dezaketen langileen birkokapena bermatzeko akordioa lortzea da; beti ere, lan kargak arintzeko neurriekin batera, kolektibo prekarizatu eta feminizatuenen lan baldintzen hobekuntzarekin batera, galdutako erosi-ahalmenaren berreskurapenarekin batera eta legezko baldintza hoberenetan eman litekeen erretiro partzial aurreratuarekin batera.

Abenduan salatu genuen sinatutako akordioak ez zuela birkokapena eta lanpostuen mantentzea bermatzen, ez zuela lan kargak arintzeko neurri eraginkorrik jasotzen, ez zuela kolektibo prekario eta feminizatuenen baldintzetan hobekuntza nabarmenik ez eta erosi-ahalmenaren berreskurapenean pauso esanguratsurik suposatzen ere. Akordioak erretiro partzial aurreratua hartzeko legezko aukera ez hobetzeaz gain, legezko baldintza kaskarrenetan hartzeko aukera jasotzen zuen eta zenbait langileren kasuan gainera (ordainketa eskuordetupean daudenak), Jaurlaritzak gizarte segurantzaren kostua bere gain hartzen bazuen soilik. (%50eko erretiro partzial aurreratua eta errelebista behin betiko eta lanaldi osoko lan kontratu bidez kontratatua izateko betebeharrik gabe).

Akordioa sinatu ondorenpasa den ikasturtean zehar agerian geratu da orduan salatu genuena. Soldatak Jaurlaritzak ezarritako finantziaketari lotuak egon dira, galdutako erosi-ahalmena berreskuratzetik urrun; gehiegizko lan kargekin arazoa ez da konpondu, are gehiago lanaldia erregistratzeko akordio baten bidez gehiegizko lan karga hauek justifikatzeko estalki bihurtu den hitzarmeneko erredakzioa berretsi da; Lan Hitzarmen hau aplikagarri zaien 2 ikastoletako 50 langile baino gehiago kaleratuak izan dira, bakar bat ere birkokatua izan ez delarik (Claret Ikastola eta Txomin Agirre Ikastola); eta egun langile kolektibo garrantzitsu batek zailtasunak ditu %50eko erretiro partzial aurreratua bera hartzeko ere.

ELAk salatzen du gabezia hauek guztiak agerian geratu diren arren, Partaide eta EIB patronalek, eta LAB sindikatuak Astelehen honetan, irailak 30, Abenduko akordio hura berretsi dutela.

ELAren ustetan sektore honetan ordezkaritza daukagunok, gure negoziazio kolektiborako eskubidea erabili behar dugu, negoziazio edukien inguruko muga edo betorik gabe. Horrela soilik eragin ahalko dugu langileen lan baldintzen balizko hobekuntzan. Eta helburu horri begira langileen antolakuntza eta mobilizazioaren aldeko apustua egiten du.