ARABAKO EGOITZA PRIBATUAK ETA ETXEBIZITZA KOMUNITARIOAK

Bigarren greba eguna, bizimodu duina bermatuko dien lehen hitzarmen probintziala eskatzeko

2023/05/24
Grebak jarraipen nabarmena izan du egoitza pribatuetan, batez ere sektoreko gutxieneko zerbitzuak kontuan hartuta (% 70eraino)

Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak kalera atera dira berriro, lan-baldintza duinak bermatuko dizkien hitzarmen bat eskatzeko. ELAk, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, LABekin batera deitu du greba eguna, erakundeen pasibotasuna eta enpresek negoziatzeko duten borondate eskasa direla eta.

Goizeko lehen ordutik, informazio-piketeak egin dira hiriko hainbat egoitzatan, gutxieneko zerbitzuen berri emanez eta langileak beren lan-baldintzak hobetzeko grebara animatuz. Ondoren elkarretaratzea egin dute Babesgabetuen plazan, haien egoera salatzeko eta ikusarazteko, eta herritarrei informazioa banatu diete hiriko hainbat tokitan. 12:30ean manifestazioa hasi da hirigunetik, eta langileek eserialdia egin dute Bake kalean, hiriko erdiguneko errepide nagusia moztuz.

Langileak hitzarmenaren negoziazio-mahaiak jasaten duen blokeoa salatzera atera dira (erantzunik gabe martxoaren 15etik), enpresen borondate eskasa eta Arabako Foru Aldundiak sektoreko langileen baldintzak hobetzeko duen blokeoa salatzera.Gutxieneko zerbitzuak kontuan hartuta, % 70 jarraipena izan du bigarren greba egunak gerokultoreen edo erizaintzako laguntzaileen artean, EUD osasun-langileen artean % 50 eta teknikarien artean % 50. ELAk oso positibotzat jo du emaitza.

Patronalak 1350 euroko soldata eskaintzen die langileei 2028rako, eta urteko 1742 orduko lanaldia, baina ratioei buruz eta lan kargari buruz ez da hitz egiten. Patronalaren jarrera axolagabeak eta sektore feminizatu eta arrazializatuaren baldintza prekarioak hobetzeko borondaterik ezak agerian uzten dute patronala oso eroso dagoela bere jarreran. Zaintza-sektore ia osoa pribatizatuta dago; egoitza publikoetako langileen baldintza eta eskubide berberak izatea eskatzen dute langileek.