Bizkaiko autoeskolek grebari ekin diote berriz, patronalak uko egin baitio ELArekin biltzeari

2022/02/21
APAVI patronalak negoziatzeko borondaterik ez zuela ikusita -otsailaren 9an, ELAk gatazka bideratzeko proposamen bat helarazi eta bilera bat eskatu zion-, langileek otsailaren 21etik 25era arteko asterako deitutako grebarekin jarraitzen dute. Patronalak sindikatuarekin zuen bilera martxoaren 2ra atzeratzea erabaki du, hau da, beste behin ere, akordioren bat lortzeko aukera atzeratu du. ELAk salatu du sindikatuak etengabe urratsak egiten dituen bitartean, patronalak negoziazioa blokeatzen eta denboran luzatzen jarraitzen duela. “Berriro ere, agerian geratu da ez duela arazoa konpontzeko borondaterik. Nahikoa denbora izan dute gure proposamena baloratzeko eta autoeskolekin egin behar zuen bilera kudeatzeko, baina ez egitea erabaki du”, deitoratu du.

APAVIk martxoaren 2rako deitutako bazkideen ezohiko batzar nagusiaren bilerari dagokionez, ELAk honako hau eskatu die autoeskolei:

  • Sindikatuak egindako azken proposamena aztertzea, akordioa ahalbidetuko lukeelako.
  • Bileran ELArekin biltzearen alde egitea.
  • ELAk aurkeztutako proposamenaren baldintzak kontuan hartze, akordio batera iritsi eta gatazkari amaiera eman ahal izateko.

Hauek dira sektorearen aldarrikapen nagusietako batzuk:

  • Soldatak erregularizatzeko eta erosteko ahalmena berreskuratzeko soldata-taulak ezartzea. Ia autoeskola guztiek, irakasleen kasuan, soldata ofizialak modu irregularrean ordaintzen diren kopuruekin konbinatzen dituzte, hitzarmenaren arabera. Eta irakasle ez diren langileak, batez ere administrazioko langileak eta batez ere emakumeak, hileko 1.000 euro gordinera iristen dira ozta-ozta.
  • Irakasleak ez diren kolektiboentzako lanaldi-murrizketa, genero-arrakala murrizteko. Asteko 35 orduei begira, irakasleekin parekatzeko urrats garrantzitsuak.
  • Ordutegien arrazionalizazioa, kasu askotan gaueko 21:00etan luzatzen diotena, eguneko 11 orduko lanaldiekin, larunbatetako lana barne.
  • Erretiro partziala bezalako neurriak, adina arrisku-faktore izan daitekeen sektore batean plantilla gaztetzea ahalbidetuko dutenak.