Bost eguneko grebari ekin diote Bizkaiko autoeskoletako langileek, ELAk deituta

2021/10/25
Urriaren 25erako deitutako lehen greba egunak babes zabala izan du. APAVI patronalaren aurrean amaitu den manifestazio jendetsua egin dute Bilboko kaleetan zehar, gatazka bideratzeko inolako borondaterik gabe jarraitzen baitu patronalak

Ekainean, uztailean eta irailean jadanik egindakoekin batera, gaurkoa sektoreko langileek gauzatu duten hamaikagarren greba eguna izan da. Eta beste lau greba egun egingo dituzte aste honetan, urriaren 25etik 29ra. Sektoreko patronala ez da ari inolako borondaterik erakusten gatazka bideratu eta adostasunetara gerturatzeko.

Uztailaren 28koa izan zen patronalak deitutako azken mahaiko bilera; bertan patronalaren balizko proposamen ezaren aurrean, ELAk argi adierazi zizkion adostasunak erdietsi ahal izateko edukien nondik norakoak. Ondoren, iraila iritsita, ez zen patronalaren inolako proposamenik izan, ezta langileek bost greba egun gehiago gauzatu ondoren ere, azken greba egunean, irailak 24an, idatziz sindikatuak gatazka bideratzeko proposamenak egiteko eskaera luzatu arren.

Hori horrela, ELAk mobilizazioei jarraitzeaz gain, patronala mahai negoziatzaileko bilerara deitu zuen urriaren 20an. Gatazka bideratzeko balizko proposamenekin agertzeko eskatuz, berriro ere.

Patronala inolako proposamenik gabe agertu zen, ordea, LHK-ko Bilboko egoitzan ELA sindikatuak urriak 20rako deitutako mahai negoziatzaile horretara. Are gehiago, APAVIk ez zuen adostasunetara gerturatzeko eta gatazka bideratzeko inolako asmorik agertu. Horregatik, ELAk mobilizazioekin aurrera jarraitzea beste biderik ez du izan.

Langileen eskaerak

Langileek 11 urte daramatzate Lan Hitzarmena berritu gabe, eta sektoreko soldatak, ordutegiak eta gainerako lan baldintzak oro har erabat prekarioak eta kasu askotan irregularrak dira. Gainera, genero arrakala garrantzitsua dago feminizatuenak diren administrazio lanpostuetan.

Sektoreko langileen kolektiboak aurrerapenak eskatzen ditu, batez ere honako alderdi hauetan

  • Soldaten erregularizaziorako eta erosteko ahalmena berreskuratzeko soldata-taulak ezartzea. Ia autoeskola guztiek, irakasleen kasuan, hitzarmenaren araberako soldata ofizialak modu irregularrean ordaintzen diren kopuruekin konbinatzen dituzte. Eta irakasle ez diren langileak, batez ere administrazioko langileak eta nagusiki emakumeak, hilean 1.000 euro gordinera ozta-ozta iristen dira.
  • Lanaldia murriztea irakasle ez diren kolektiboentzat, generoen arteko aldea murrizteko. Urrats garrantzitsuak irakasleekin parekatzeko, asteko 35 orduei begira.
  • Ordutegiak arrazionalizatzea, hauek gaueko 21:00etatik aurrera luzatu daitezkesektore honetan, egunero 11 ordura arteko lanaldiekin eta larunbatetan lan egitea barne.
  • Erretiro partziala bezalako neurriak, adina arrisku-faktore izan daitekeen sektore batean plantilla gaztetzea ahalbidetuko dutenak.